Aiako Pilota Txapelketa. (Karkara.com)
Bi hamarkadatik gora daramatzate Aian esku pilota eta pala txapelketa antolatzen. Aurten ere jokatuko dituzte eta gaur da izena emateko azken eguna. Esku pilota txapelketa bi multzotan banatuta izango da; batetik neskak eta bestetik mutilak. Neskek bi mailatan banatuta jokatuko dute, 13 urte bitartetekoak alde batetik, eta 14 urtetik gorakoak bestetik. Mutilen multzoan berriz hiru maila izango dira: haurrena, 11-15 urte bitarteko gazteena, eta 16tik gorakoena. Azken hauek banaka lau terdian eta binaka lehiatuko dira.
Pala txapelketan ere bi multzo egongo dira (neskak eta mutilak). Gizonezkoak binaka eta banaka lehiatuko dira, baina banakako lehia 16 urtetik gorakoei mugatua egongo da; binakakoa, berriz, haur, gazte eta helduek jokatu ahal izango dute. Antolaketa bera izango du nesken lehiak ere, adinaren arabera hiru mailatan banatuta parte hartuko dute txapelketan.
Txapelketa irekiak dira, baina bikotea osatzen duen lagunetako batek aiarra izan beharko du parte hartu ahal izateko. Gaur izango da izena emateko azken eguna Aiako Kultur Etxean bertan, edo 943130924 telefono zenbakira deituta.