Aitor Zabaleta izan da azkarrena asteburuan Aiako Igoeran. (Eduardo Maturana)
Igandean Aiako Igoera jokatu zen Andatza auzoa eta herrigunearen artean. 09:30ean hasi zuten auto lasterketa, eta giro ederra sortu zen motor hots eta animo ohiuen artean. Joseba Beola eta Aitor Zabaleta izan ziren azkarrenak aurtengo igoeran, hurrenez hurren turismo eta plaza bakarreko ibilgailuen mailan. Turismoen sailean faboritoen artean zegoen Gorka Eizmendi aiarrak ezin izan zuen garaipena lortu, eta bigarren postuan sailkatu zen; dena dela azkarrena izan zen bere taldean, 5. klasean hain zuzen ere.
Aurten igoeraren formatua aldatu egin dute antolatzaileek. Aurreko edizioetan egun bakar batean egiten zituzten ikuskapen teknikoak eta lasterketa. Aurtengoan, berriz, bi egunetan banatu dute. Larunbat arratsaldean ikuskapen teknikoak Aiako herrigunean egin zituzten. «Gustura gaude jende dezente bildu baitzen arratsaldean autoak bertatik bertara ikusteko. Eskerrak eman nahi dizkiogu Aiako Udalari une oro eman digun laguntzagatik».
Igande goizean jokatu zen lasterketa Andatza auzoa eta herrigunea lotzen dituen errepidean. Denera, lau txanda egin zituzten pilotuek, bi entrenamendu txanda eta beste bi ofizialak. Txanda ofizialak atzerapenarekin hasi ziren, aurreko txandetan gertatu ziren pare bat istripuren ondorioz ibilbidea garbitu behar izan zutelako antolatzaileek.
Arazoak
Oro har, antolatzaileak gustura daude Aiako Igoerak izan duen harrerarekin. Igoeraren aurkezpenean antolatzaileek eta Aiako alkateak arreta berezia eskatu zieten igoera ikustera joan behar zuten herritarrei ingurua zaindu zezaten, eta ildo horretan gertatu zen hainbat arazo. «Egunean bertan lasterketa ikustera etortzen direnek oso jarrera ona izaten dute. Dena dela, larunbat eguerditik hainbat taldek gaua pasatzeko karpa jarri zuten auto lasterketaren ibilbidearen inguruan; horietatik batzuk jator portatu ziren, baina beste hainbatek arazoak sortu zituzten: iskanbila eta baserritarren lurretan kalteak sortuz». Arkaitz Iruretagoiena probaren antolatzailetako baten iritziz, «jarrera horiek dira kirolari kalte gehiena egiten dietenak».