Aiako IX. Igoera aurkeztu zuten asteazkenean Andatza auzoko Uhartemuño auzoan. (Euskadiko Automobilismo Federazioa)
Asteburuan Aiako IX Igoera jokatuko da Andatza auzoa eta Aiako herrigunearen artean. Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Nafarroako txapelketetarako proba puntuagarria izango da, eta antolatzaileek zehaztu dute «goi mailako» pilotuek parte hartuko dutela.
Larunbat arratsaldean hasiko dute ikuskizuna, aurtengoan ikuskapen teknikoa eta lasterketa ez baitira egun berean egingo. Arkaitz Iruretagoiena antolatzaileak azaldu duenez, aurten horrela egitea erabaki dute parte-hartzaileak eta antolakuntza lasaiago ibiltze aldera: «Igoera antolatu genuen lehen urtean ere horrela egin genuen, niri gehiago gustatzen zait, ea auto lasterketako parte-hartzaileek pasatzen denean zer esaten duten».
Alde batetik, larunbat arratsaldean 16:00etatik 20:00etara egiaztapen teknikoak Aiako herrigunean egingo dituzte, Joan Etorle kalean hain zuzen ere. Bertan komisarioek igoeran parte hartuko duten ibilgailuek segurtasun neurriak betetzen dituzten egiaztatuko dute. Ondoren, iluntzean ibilgailu guztiak herrigunetik Andatza auzora joango dira, eta han egongo dira gauez, itxitako eremu batean.
Igoera igande goizean jokatuko da. 08:30erako errepidea itxiko dute antolatzaileek, eta 09:30ean hasiko dute igoera. Lau kilometroko ibilbidea izango dute aurretik. Lehenengo, bi entrenamendu txanda jokatuko dituzte, eta ondoren bi txanda ofizial.
Oztopoa ibilbidean
Parte-hartzaileei dagokionean 60 pilotu inguruk izena eman dute Aiako IX. Igoeran. Aitor Zabaleta, Joseba Iraola, Arkaitz Ordoki eta Garikoitz Flores dira faboritoak plaza bakarreko ibilgailuetan. Turismoetan, berriz, lehia estua izatea aurreikusi dute antolatzaileek, eta Gorka Eizmendi aiarra dago faboritoen artean. Iaz bera izan zen azkarrena, eta aurten ere lan ona egiteko prest dago Aiako pilotua.
Antolatzaileek zehaztu dute luizi bat konpontzeko lanak egiten ari direla ibilbideko bihurgune batean eta eremu horretan zuloak daudela, horregatik uste dute horrek eragina izan dezakeela parte-hartzaileen denboretan. Aiako pilotu Gorka Eizmendik, ordea, ez du begi txarrez ikusten erronka, «horren auto onak ez ditugunok aukera gehiago ditugu horrelako kontuekin».
Bestalde, eguraldiak ere zeresana izan ohi du horrelako probetan; eta hasiera batean euria dago iragarrita iganderako.
Orain arteko denborarik onena Aitor Zabaletarena da Aiako Igoeran; 01:54,654 denboran jarri zuen marka bergararrak. Turismoetan, berriz, Aitor Ramirezek du marka 02:08 denborarekin.
Aiako Igoeran pilotuek egiten dituzten denborak zuzenean jarraitu ahal izango dira www.fotomotor.es webgunean.
Segurtasun arauak errespetatzeko eskatu dute
Antolatzaileek eta Aiako alkate Nekane Arrizabalagak ikusleei gogorarazi diete oso garrantzitsua dela igoeran zehar segurtasun neurriak kontuan hartzea, eta bizilagunak errespetatzea, ingurua txukun mantenduz eta igoera bukatutakoan eremua lehen zegoen bezala utziz.
Ikusleek leku seguruetan jarri behar dute igoera ikusteko eta inoiz ez zinta gorriarekin markatutako eremuetan, arriskutsua izan daitekeelako. Gainera, bideko komisarioen esanak kontuan hartzeko eskatu diete ikusleei