![Aiako Asentzio Feria. (Aritz Mutiozabal)]()
Goiz-eguerdi parterako azoka eta eskulturgileen erakustaldia antolatu dute; arratsaldean Gipuzkoako 2. mailako aizkora kanporaketa jokatuko da, eta iluntzean erromeria izango da
Igandean Asentzio Feria egingo dute Aian, eta urtero bezala azoka, erakustaldiak, herri-kirolak eta erromeriaz gozatzeko aukera izango dute Aian biltzen direnek. Egun osoko egitaraua prestatu dute Aiako Udalak, Aiako Idi Proba Elkarteak eta Gipuzkoako Herri Kirol Federazioak. Alde batetik, goiz-eguerdi partean azoka izango da protagonista. 10:00etatik 14:00etara baserriko produktuen erakusketa eta salmenta postuak jarriko dituzte, eta abere, ganadu, hegazti eta hainbat animalia bitxiren erakusketa ere izango da ikusgai. Horrez gain, baserriko lanabesak eta artisautza produktuak ere salduko dituzte. Bestalde, eguerdirako Ikusgarri motozerradun eskulturgileen erakusketaldia antolatu dute plazan.
Aizkora norgehiagoka
Arratsalderako Aiako Idi Dema Taldeak aizkora lehia garrantzitsua antolatu du. «Goiz partean giro oso polita izaten da herrian, eta festa arratsaldera luzatze aldera herri-kirol saioa antolatu ohi dugu», azaldu dute elkartetik. 18:00etatik aurrera Gipuzkoako 2. mailako Aizkora Kanporaketa jokatuko da Aiako pilotalekuan. Bertako kanporaketatik lau aizkolari sailkatuko dira finala jokatzeko, eta horietatik bik lehenengo mailan jokatzeko txartela lortuko dute. «Uste dugu goi mailako aizkora norgehiagoka ikusteko aukera izango dugula igande arratsaldean herrian», esan dute antolatzaileek. Hamaika aizkolarik parte hartuko dute kanporaketan, eta horietako bakoitzak 54 ontzako bi enbor eta 60 ontzako beste bi enbor moztu beharko ditu.
Ondoren, iluntzean, egun osoko festa dantzan bukatzeko herriko plazan Elustondo Anai-arrebekin erromeria antolatu dute.