Azken udalbatzarra baliogabetzea eskatuko du EH Bilduk

Urola Kostako Hitza 2016ko maiatzaren 19a

Aiako EH Bilduk apirilaren 20an egin zen ezohiko udalbatzarra baliogabetzea eskatuko du. Horrela jakinarazi du koalizioak ohar baten bidez. Izan ere, EH Bilduk Amezti baserriari emandako obra baimenari buruzko udalbatzarra eskatu zuen apirilaren 20rako...

Aiako EH Bilduk apirilaren 20an egin zen ezohiko udalbatzarra baliogabetzea eskatuko du. Horrela jakinarazi du koalizioak ohar baten bidez. Izan ere, EH Bilduk Amezti baserriari emandako obra baimenari buruzko udalbatzarra eskatu zuen apirilaren 20rako. Batetik, «epaitegietan dagoen eta eztabaida sortu duen lizentzia baimena bertan behera uzteko, eta bestetik Aiako Udalak gaiaren inguruko azalpenak eman zitzan».

Dena dela, koalizioko kideei ez zitzaien egokia iruditu udalbatzarrean gertatutakoa. Alde batetik, kritikatu dute Aiako alkateak uko egin ziola «lur horietan eraiki daiteke, bai ala ez?» galdera erantzuteari. Aiako EH Bilduren esanetan, jarrera horrekin «eztabaida ezkutuan mantentzeko interesa erakutsi zuen EAJk udalbatzarrean». Gainera, jeltzaleak «arduragabe» jokatzen ari direla ere uste du koalizioak. «Epaileak Amezti eraistea erabakiko balu, Ameztiren jabeek kalteordaina eskatuko dutela mahai gainean jarri dute. Obrak aurrera doazen neurrian herrita- rrei eta udalari egingo zaien kalte ekonomikoa handituz doa, eta EAJk ez du obra lizentzien legalitatea zalantzan jarri nahi».

Horretaz gain, EH Bilduk Aiako alkateak eta EAJk erakutsitako jarrera salatu du «oztopatzailea» izan zela iritzita. «EAJk udalbatzarrean proposamen alternatibo bat aurkeztu zuen, gai zerrendan jasota ez zegoena», eta horrek lehentasuna izan zuen bozketa egiterakoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide