Munduko landareak etxean

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko apirilaren 22a

Asteburuan 47 mintegik parte hartuko dute Aian, Iturrarango Landare Berezien Azokan. Ohiko zirkuituetan aurkitu ezin daitezken landareak egongo dira azokan.Asteburuan Landare Berezien Azoka egingo dute Pagoeta Parke Naturaleko Iturraran Lorategi Botani...

Asteburuan 47 mintegik parte hartuko dute Aian, Iturrarango Landare Berezien Azokan. Ohiko zirkuituetan aurkitu ezin daitezken landareak egongo dira azokan.

Asteburuan Landare Berezien Azoka egingo dute Pagoeta Parke Naturaleko Iturraran Lorategi Botanikoan, eta atzo aurkezpenean Ekonomia Sustapen, Landa Ingurune eta Lurralde Orekarako diputatu Ainhoa Aizpuruk gogoratu zuen, «azoka erreferente bilakatu da Espainia eta Europa mailan». Gainera, «lehen sektorea herritarrengana gerturatzen laguntzen du, eta horrek sektoreari hauspoa ematen dio».

Aurtengoan 47 mintegik parte hartuko dute landare azokan, eta Frantzia, Italia, Espainia, Herrialde Katalanetatik eta Euskal Herritik etorritako mintegiak bilduko dira hitzorduan. Antolatzaileek azaldu dutenez, «kontinente guztietako landareak ikusi eta salneurri paregabean erosteko aukera» izango dute azokara joaten diren herritarrek: «Ohiko zirkuituetan aurkitu ezin diren landareak topatzeko aukera izango dute gainera».

Landare Berezien Azokaren barruan ekintza osagarriak ere antolatu dituzte. Alde batetik, bihar, 11:00etan, Coello-Vera botanikariak Zeelanda Berrira egindako espedizioa izango du hizpide Iturrarango parketxean. Horrez gain, Biodibertsitate Lorategira bisita gidatuak ere antolatu dituzte; euskarazko saioa 11:30ean izango da, eta 12:00etan gaztelaniazkoa. Bestalde, igandean, 11:00etan, Lur Berryk Lorategi Jangarriak hitzaldia eskainiko du.

Iturrarango Lorategi Botanikoan egingo den azokaren osagarri, Aiako herrigunean ere azokatxoa jarriko dute igandean, landare eta landareekin zerikusia duten 18 postu ipinita.

Aiako alkate Nekane Arrizabalagak adierazi du Iturraran Parketxea eta Landare Berezien Azoka oso aberasgarria direla herriarentzat. Gainera, «eskerrak» eman dizkie asteburuan Landare Berezien Azokan boluntario lana egingo duten herritarrei.

Informazio praktikoa

Pagoetako Parke Naturalak aparkaleku mugatua duenez, bi aparkaleku gune antolatuko dituzte bisitariek beren ibilgailuak uzteko arazorik izan ez dezaten; bata Aian eta bestea Txurrukako aparkalekuan. Horietatik doako autobus zerbitzua egongo da azokara. Horrez gain, azokara trenez joan nahi dutenentzat Zarauzko Euskotren tren geltokitik autobus zerbitzua egongo da azoka gunera.

Landare Berezien Azokara sartzeko txartelak lau eurotan izango dira salgai 12 urtetik gorakoentzat. Prezioaren barruan sartzen da aparkalekuetatik azoka gunera autobusez joan-etorria, erositako landareentzako kontsigna zerbitzua eta ondoren eroslearen ibilgailuraino garraio zerbitzua.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide