Asteazkeneko Aiako udalbatzarra. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Asteazkenean Amezti baserriaren inguruko mozioak eztabaidatu eta bozkatu zituzten Aiako udalbatzar aretoan. Aiako EH Bilduk eskatuta egin zuten udalbatzarra, «epailearen erabakia jakin bitartean obra lizentziak dituen efektuak bertan behera uzteko eta udalaren azalpenak jasotzeko». Mozioa aurkeztu zuten horretarako.
Aiako Udaleko barne araudiaren arabera legeak gai bakarrarekin ez-ohiko mozioak egitea ahalbidetzen du eta aurkeztutako mozioari lotutako beste mozio alternatibo bat aurkezteko aukera ematen du. Aurrena, ordea, alternatibo hori bozkatzen dute, eta hori onartuz gero, bigarrena baliogatuta gelditzen da. Hori gertatu zen asteazkenean Aian: EH Bilduk aurkeztutako mozioaren gaiari lotuta mozio alternatiboa aurkeztu zuen EAJk, eta zazpi botoren aldearekin jeltzaleena onartu zuten. Egoerak giroa pil-pilean jarri zuen batzar aretoan, EH Bilduko zinegotziak eta udalbatzarra jarraitzen ari ziren hainbat herritar ez zeuden ados gertatutakoarekin.
Txostenak
Bi udal taldeek Amezti baserriaren gaiarekiko duten jarrera azaldu zuten. Alde batetik, EH Bilduko bozeramaile Eñaut Guruzeagak ibilbidea zehaztu zuen, esanaz hilabete askotan «informazioa biltzen» ibili direla: «Bilerak egin ditugu, gobernu batzordetan hainbat aldiz atera da gaia, eta orain arte gezurra jaso dugu». Guruzetak gaineratu zuen ez dela «inoiz» azalpenik eman. «Horregatik legea hartuta behartu dugu udala ezohiko batzarra deitzera. Gure helburua da obra lizentziak dituen efektu guztiak bertan behera uztea, epaileak epaia eman arte. Hau ez da EH Bilduren kapritxo bat, txosten batzuetan oinarrituta eskatzen dugu».
Jarraian, Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako txostenetan jasotako hainbat zati irakurri zituen Guruzeagak, nabarmenduz Amezti etxeak hainbat baldintza ez dituela betetzen, besteak beste: paisajeari egiten dion eragina, eraikinaren bolumena eta kokapena: «Ezin dira eraiki bizitzeko eraikin berriak babes bereziko eremuetan. Dena dela, Amezti etxea eraikinaren eremua Aiako Arau Ordezkatzaileetan landa eremuko babes bereziko lurrak bezala izendatuta dago».
Horrez gain, Arartekoaren txostena ere aipatu zuen Guruzeagak; bertan zehazten da eraikin berria eremuaren ingurune baldintzetara egokitu behar dela, eta landa eremuko arkitektura tradizionala mantendu behar duela. Gainera, zehazten da «baserria berreraikitzeko eraikin berria toki berean eraiki behar dela; tokiz aldatu daiteke soilik halabeharrez desjabetutako baserri bat bota bada».
Azalpen horiek eman ondoren, «Lur hauetan ba al dago eraikitzea?» galdera egin zion EH Bilduko bozeramaileak Aiako alkate Nekane Arrizabalagari, baina honek ez zuen eztabadaidan sartu nahi izan.
Udal interesak aurretik
EAJren izenean Igor Iturain zinegotziak irakurri zuen mozioa. Bertan zehaztu zuen, 2013ko urtarrilaren 22an, EAJko eta EH Bilduko zinegotziek «aho batez» Amezti baserria eraikitzeko baimena ematea erabaki zutela Aiako Gobernu Batzordean: «2015 irailean espedientea berriz aztertu eta gero, 2013an onartutakoa berretsi zen».
Iturainek adierazi zuen gaia gobernu batzordearen bileretan eztabaidatu dela, eta Aiako Udal Gobernuaren iritzia azaldu zaiela EH Bilduko zinegotziei. «Gonbitea luzatu genien espedientea aurrez aurre hartu eta udal teknikariekin bilera egiteko, baina gonbiteari muzin egin diote», azaldu zuen Iturainek.
Gaur egun, Amezti etxearen gaia Gipuzkoako Aire Federazioaren eta norbanako baten salaketa dela-eta epaitegietan dago, arlo penalean eta administrazio auziko arloan.
Horiek denak kontuan hartuta, EAJ alderdiak proposatu zuen, besteak beste, «udal interesak interes pribatuan gainetik defendatzea, eta epaile eta tribunalen jarduera errespetatzea». EAJko zazpi zinegotzien aldeko botoekin mozioa onartu zen.
Mozioaren bozketa egin aurretik, Aitor Arregi EH Bilduko zinegotziak gaiaren «larritasuna» aipatu zuen jeltzaleengana zuzenduz: «Epaitegietan dago gaia, eta Amezti etxearen obra horri jarraipena emateko tematuta zaudete, gainera zer datorkigun kontuan hartu gabe. Txarrenean arazo handia etorri liezaioke Aiako Udalari. Horretarako prest al gaude? Pena merezi al du?».