Igandean Aiako Peru Harri Txapelketan Perurenari omenaldia egingo diote

Urola Kostako Hitza 2016ko apirilaren 15a

Aiako dema plazan egingo dute Peru Harri Txapelketa. (Aiora Larrañaga/Hitza) Igandean, 18:00etan, Peru Harri Txapelketa jokatuko dute Aiako Idi Dema plazan, eta Iñaki Perurena harri-jasotzaileari omenaldia egingo dio Aiako Idi Proba Elkarteak txapelketa aurretik. Paulo Aldalur elkarteko kidearen esanetan, herri kiroletan garrantzitsuak izan diren hainbat laguni omenaldia egin izan diete, eta oraingoan Iñaki Perurena omentzea erabaki dute. «Perurena harri-jasotze munduan erreferente garrantzitsua izan da, eta Aian ere askotan egin ditu erakustaldiak. Horregatik, Perurenaren bi harri ekarriko ditugu, eta horiekin lan egin beharko dute harri-jasotzaileek». 24 ontza eta 10 arroako zilindro zaharra, eta 32 ontza eta 10 arroako zilindro zaharra dira aukeratu dituzten harriak. «Bi harriak pisuan berdinak dira, 125 kilo pisatzen dituzte, baina altueran desberdintasun handia dute, eta horregatik dira bereziak», zehaztu du Aldalurrek. Harri bakoitzarekin hiru minutuko txandak egingo dituzte; aurrena 24 arroakoa jasoko dute, gero 32koa; kilo gehien jasotzen dituena izango da txapelduna. «Ikuskizun polita» Gustura da Iñaki Perurena Aian egingo dioten omenaldiarekin, eta «egun polita» izango dela uste du leitzarrak. «Igandean, autoan bi harriak hartuta Aiara joango naiz, eta ikuskizun ederra ikusteko aukera izango dugu», adierazi du harri-jasotzaileak. Txapelketan parte hartuko duten harri-jasotzaileei ere eskerrak eman dizkie Perurenak: «Peru Harrira etorri ziren sei harri-jasotzaileak bi harriak probatzera, eta oso arratsalde polita pasatu genuen». Osasuntsu ikusten du harri-jasotzea Iñaki Perurenak, eta gazkeak «gogor lanean» ari direla nabarmendu du. «Hala ere, osasuntsu dagoenak ere bizipoza behar du bizitzeko, eta uste dut harri-jasotzeari eta gure kulturari denok eman behar diogula bizipoza», gaineratu du harri-jasotzaileak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide