Aiako EH Bilduk, 2015eko azaroaren 10ean egin zen udalbatzarrean, Amezti baserriaren inguruko mozioa aurkeztu zuen bileran eztabaidatzeko, baina azkenean ez zen gaia landu. Une hartan Aiako alkate Nekane Arrizabalagak adierazi zuen Ameztiren gaia gobernu batzordean eztabadaidatuko zutela hurrengo egunetan.
Aiako EH Bildutik adierazi dute, mozioa aurkeztu zutenetik denbora pasatu dela, eta Ameztiko lanek aurrera jarraitzeak «kezka» sortzen diela.
«Obra baimenaren azalpenik ez dugu jaso» eta hori dela-eta Amezti baserriaren obra baimenari buruzko ezohiko udalbatzar monografikoa eskatu du EH Bilduk. «Aiako Udala epaitegietan dago, eta EH Bildutik azalpenak eta argibideak nahi ditugu akusazio horren aurrean».
Gainera, gaia argitu bitartean, Amezti baserria eraikitzeko lanak bertan behera geratzea eskatu dute Aiako EH Bilduko ordezkariek.