Igandean Gipuzkoako Orientazio Ligako bigarren proba jokatuko da Aian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko martxoaren 18a

Iturrarango lorategi botanikoa. (Aiora Larrañaga/Hitza) Igandean Gipuzkoako Orientazio Ligako bigarren jardunaldia jokatuko dute Aiako Iturraran Parketxearen inguruan. Pagoetako Parke Naturalean orientazio proba bat jokatzen den bigarren aldia izango da, eta Gipuzkoako Orientazio Taldeak herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditu. Taldeak ekainean bi eguneko jardunaldia antolatu zuen Pagoetako Parke Naturalean Ipar Ligaren barruan, eta «oso ondo» joan zela aitortu dute antolatzaileek: «Parte-hartzaileei asko gustatu zitzaien ingurua». Ildo horretan GOT-etik gogorarazi dute Pagoetako Parke Naturala babestutako eremua dela, eta proban zehar ezinbestekoa dela ingurua errespetatzea. Orientazio probak antolatzerako orduan eremuaren mapa zehatza edukitzea izaten da antolatzaileentzat zailena. «Ekaineko jardunaldirako kartografo batek egin zuen mapa, eta hilabete egon behar izan zuen eremuan lanean». Behin mapa edukita, probak antolatzea errazagoa egiten zaie, horregatik antolatu dute Gipuzkoako Ligako bigarren jardunaldia Pagoetan. Igandeko hitzordurako parte-hartzaileak 10:00etan bilduko dira Iturraran parketxearen aurrean. Ezingo dute bertara beren ibilgailuekin iritsi; izan ere, zirkulazio arazoak ekiditeko asmoz parte hartzaileei Lukungo aparkalekuan kotxea uztea gomendatu diete antolatzaileek.

«Pixkanaka mendi orientazioa gero eta ezagunagoa egiten ari da»

Ibon Goikoetxea GOT-eko kidea Orientazio probak zer dira? Gipuzkoako Orientazio Taldea mendi orientazioa gustatzen zaigun kideok osatzen dugu. Mendi Orientazio probetan mapa bat ematen zaie parte-hartzaileei, eta maparen eta ipar-horratzaren laguntzarekin mendian zehar sakabanatuta dauden balizak aurkitu behar izaten dituzte. Mapan zehaztuta dago zein orden jarraitu behar duten parte-hartzaileek balizak bilatzerakoan. Proba maila desberdinetan banatuta dago. Edonork parte hartu al dezake? Aurten lehenengo aldiz Gipuzkoako Orientazio Liga antolatu dugu. Zazpi proba egingo ditugu guztira, urtarriletik ekainera bitartean, eta bigarren jardunaldia Aian egingo dugu igandean. Guretzat mendi orientazioa kirola da, eta gutako batzuk txapelketetan parte hartzen dugu. Dena dela, liga hiru mailatan banatu dugu, eta horietako bakoitzean ibilbide desberdina osatu behar da. Ibilbide gorria mendi orientazioan aritzen garenontzat da, ibilbide laranja hasiberrientzat, eta horia familiei zuzendua dago. Orain, gure helburua mendi orientazioa kirol moduan herritarren artean zabaltzea da. Proba hasi aurretik azalpenak emango al dituzue? Taldeko kideek 10:00ak inguruan mapak interpretatzeko gakoak zein diren erakutsiko diete hasiberriei. Gainera, oinarrizko arau batzuk daude, eta proban zehar horiek errespetatu behar dira. Egia esan funtzionamendua nahiko sinplea da, baina hasi berriei azalpenak eman behar zaizkie orientazioa zer den ezagutu dezaten. Azken urteetan antzeman al duzue hazkundea parte-hartzaileen artean? Pasa den urtean Ipar Ligako jardunaldi bat antolatu genuen Pagoetan; hiru proba antolatu genituen, eta bakoitzean 300 lagun inguruk parte hartu zuten. Mila lagunen bueltan ibili ginen. Pixkanaka mendi orientazioa gero eta ezagunagoa egiten ari da, eta gero eta jende gehiago animatzen da parte hartzera. Igandeko jardunaldian esaterako ehun lagun inguru espero ditugu. Kirol honek duen abantailetako bat da, herritar orok parte hartu dezakeela: haur, gazte eta helduek parte hartu dezakete. Gainera ibilbidea osatu ondoren, familian edo lagunartean egoteko une aproposa izaten da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide