Elikaduraren bidez koloneko minbizia nola ekidin azalduko dute gaur Aian

Aiora Larrañaga Solaberieta 2016ko martxoaren 17a

Barazkiak eta fruta elikadura osasungarriaren oinarri. (Aiora Larrañaga/Hitza) Martxoaren 31n Koloneko Minbiziaren Eguna izango da, eta horren harira hitzaldia antolatu du gaurko Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak, Aian. Saioa Alkar Elkartean izango da, 18:30ean hasita. Erakutsiko dute elikadura osasuntsuak gastronomikoki aspergarria izan beharrik ez duela; gainera, minbizi mota hori saihesteko jarraitu beharreko aholkuak eskainiko dituzte. Ibai Goikoetxea eta Oihane Erice adituek gaixotasunaren inguruan azalpenak emango dituzte, eta gero Joxean Eizmendi sukaldariak aholku gastronomikoak emango ditu. Maider Sierra Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoa izango da solasaldia moderatuko duena. Hitzaldia doakoa da, baina bertan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute, 943-133236 telefono zenbakira deituta.  

«Tratamenduan asko aurreratu da, baina eraginkorrena prebentzioa da»

MAIDER SIERRA- Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko psikologoa Aiako hitzaldia elikadurarekin ere lotu duzue. Zergatik? Solasaldiaren helburua koloneko minbiziari buruz hitz egitea da. Badakigu digestio aparatuan eragin handia duela elikadurak, horregatik solasaldiak bi zati izango ditu. Aurreneko zatian, adituek zientzia arloko ikerketek koloneko minbiziaren prebentzioari buruz zer dioten azalduko dute; eta bigarren zatian, sukaldari batek zientziak dioena sukaldean praktikan jartzen erakutsiko digu. Beraz, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartetik prebentzioari garrantzia handia ematen diozue? Bai, badakigu hamar kasutik zortzi bizimodu osasungarria jarraituz ekidin daitezkeela-eta. Tratamenduen arloan asko aurreratu bada ere, oraindik eraginkorrena prebentzioa da. Horren berri jakinda, aldatzen al dituzte herritarrek beren ohiturak? Informazioaren garaian bizi gara, eta herritarrek informazioa izan badute. Dena dela, hori praktikan jartzea da gehien kostatzen dena, eta Aiako topaketarekin horretarako bidea erakutsi nahi diegu herritarrei. Elikadura osasungarria nola jarraitu daitekeen azaldu, eta tabakoa edo alkohola moduko toxikoak alde batera uztearen garrantzia azpimarratu. Hala ere, ez da erraza ohituak aldatzea, kulturak eragin zuzena baitu gugan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide