Martxoaren 31n Koloneko Minbiziaren Eguna izango da, eta horren harira hitzaldia antolatu du ostegunerako Aian Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Saioa Alkar Elkartean izango da, eta 18:30etik aurrera elikadura osasuntsuak gastronomikoki aspergarria izan beharrik ez duela erakutsiko dute, eta minbizi mota hori saihesteko jarraitu beharreko aholkuak eskainiko dituzte. Ibai Goikoetxea eta Oihane Erice adituek gaixotasunaren inguruan azalpenak emango dituzte, eta gero Joxean Eizmendi sukaldariak aholku gastronomikoak emango ditu. Hitzaldia doakoa da, baina bertan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Horretarako 943-133236 telefono zenbakira deitu behar dute herritarrek.
Bizimodu osasuntsua
Gaur egun, "gizartean zabalduta dago koloneko minbizia gizonezkoetan soilik ematen denaren uste okerra", eta hori desmitifikatu nahi du Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Gainera, gaixotasuna garatzeko arrazoiak ezagutarazi nahi dituzte, eta ildo horretan herritarrek beren osasunaren ardura hartzea dute helburu. Izan ere, bizimodu osasungarria jarraitzea gaixotasuna saihesteko gakoa dela uste dute. "Elikadura orekatua, tabakoa eta alkohola moduko sustantzia toxikoak ez hartzea, eta ariketa fisikoa dira patologia hau saihesteko faktoreak" azaldu dute antolatzaileek.