Bederatzi idi parek parte hartuko dute Aiako XV. Kintopeko Idi Proban

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko martxoaren 4a

Kintopeko Idi Probak. (Ibon Errazu Uria) Astebururako Kintopeko Idi Dema Txapelketa antolatu dute Aian. Aurten estreinekoz plazara atera diren idiek parte hartuko dute lehian, eta giro ederra izatea espero dute antolatzaileek. Paulo Aldalur Aiako Idi Dema Elkarteko kidearen iritziz, «idi dema lehian hasi berriak diren idi pareek ikusmin handia sortzen dute herritarren artean, eta zaleak txapelketa ikustera animatzea espero dugu». Urtean bitan antolatzen dituzte Aian kintopeko idi probak, martxoa inguruan eta udazkenean. Aurten hiru egun izango ditu txapelketak, baina izan dira lau eta bost egun iraun dutenak ere. «Parte-hartzearen araberakoa da egun kopurua, aurten kintopeko idi pareekin buruz buruko apustu asko jokatzen ari dira, eta oraingoan ez dira bestetan bezain beste parte-hartzaile bildu txapelketan». Aiako idi parea Beste urtetan bezala, idi pareek maila ona ematea espero dute antolatzaileek, eta horrek ikusleak txapelketara hurbilaraztea. «Orain jende gutxiago biltzen da idi dema txapelketetan, ez da lehen bezala». Dena dela, Aldalurrek uste du asteleheneko saiora aiar dezente hurbilduko dela. «Izan ere, Ostolatza baserritik ateratako idi pareak jokatuko du proba Kamiñoko Jatetxearen izenean, eta idi parea herrikoa izanik ikusmina piztuko du saioak». EGITARAUA Gaur, martxoaren 4a 22:00etan. Bixkiaken (Errezil), Rafa Alegriaren (Bermio) eta Laskiren (Birle) idei pareek parte hartuko dute. Bihar, martxoaren 5a 22:00etan. Etxetxo (Arroa), Soarte (Elgoibar) eta Tiomotxo (Murueta) plazaratuko dira. Astelehena, martxoaren 7a 22:00etan. Iñaki Lopategiren (Birle), Kamiñoko Jatetxearen (Murueta) eta Taberna Goietasen (Mungia) idi pareek parte hartuko dute asteleheneko idi dema saioan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide