Aiako Lardizabal Eskolako eraikin berriko lanak. (Nerea Uranga)
Aiako Lardizabal eskolako eraikin berriaren egitura osatu dute dagoeneko, eta ingurua hiritartzeko lanak egiten ari dira langileak; Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak azaldu duenez, "lanak zehaztutako epeen barruan egiten ari dira. Kooberatiba saltokia izango denaren aurrealdetik, egungo eskola parerainoko zatiaren hiritartze lanak apirilerako prest izatea espero dugu; eta, eraikinaren kanpoko aldea uda alderako bukatuta egongo dela uste dugu". Dena dela, udaletik nabarmendu dute, oraindik behin betiko irikieraren data zehatzik ezin dutela eman, "orain erritmo onean, oso azkar doa, baina kanpoaldea bukatzen denean, ez dakigu gainontzeko gremioen koordinazioak zenbat denbora hartuko duen".
Aiako Udalaren iritziz, "oso garrantzitsua" da eskolaren eraikin berria lehenbailehen erabilgarri izatea, Lardizabal Eskolan espazio arazo handia baitute. "Aia asko hazi da azken urteetan, eta eskola horren isla da, eraikina oso txikia geratu baita. Gazteak herrian geratu dira bizitzen eta familia osatu dute; eta kanpotik ere familia berri asko etorri dira". Horregatik, eskolaren eraikin berria behar-beharrezkoa dela uste dute.
Bi fase izango dituzte ikastetxe berriko lanek. Lehenik eta behin Haur Hezkuntza, jangela eta erabilera anitzeko gela osatuko dute, Kooperatiba saltokiarekin batera. Eta, bigarren fase batean, etorkizunean, goiko solairuan, Lehen Hezkuntzarako tokia joango da.
Hainbat aldaketa
Aiako Udalak hasierako proiektuari hainbat aldaketa egin dizkio herritarren ekarpenak kontuan hartuta. "Eskolaren eta Kooperatibaren proiektua jendaurrean aurkeztu genuenean, zenbait herritarrek hainbat kezka azaldu zituzten". Eskolaren proiektua herriarentzat "oso garrantzitsua" dela uste du udalak, eta denen artean adostasunetara iristen saiatu dira. Horregatik, hasieran Kooperatiba zenaren aurrealdean aparkalekua egotea aurrikusi zuten, baina behin betiko proiektuan eremu horretan berdegunea joatea erabaki dute, eta aparkalekua, egungo aparkalekutik gertuago egingo dute.
Bestetik, eskolaren jangela zerbitzuak ere eztabaida sortu zuen aiarren artean. Izan ere, zenbait gurasok uste dute, jangela berria egingo dela aprobetxatuz sukalde propioa izan beharko lukeela eskolak, eta bertako ekoizleen elikagaiekin egindako janaria eskaini haurrei. Arrizabalagak dioenez, "gaur egungo baliabideekin sukalde propioa izan eta kudeatzea oso konplexua da. Gurasoen parte-hartzea eta konpromisoa eskatzen du, eta hori denen artean adostu beharko da". Horregatik, etorkizunean eraikin berrian sukalde bat jarri nahi bada, arazorik izan ez dadin, hainbat hornikuntza azpiegitura jarriko dituzte, baina orain arte bezala funtzionatuko du hasieran.