Aian haragitarako behiak hobetzeko testatze zentroa garatuko dute

Urola Kostako Hitza 2016ko urtarrilaren 22a

Aldaketak egingo dituzte Aiako Ibarrola testatze zentroan. (Hitza) Gipuzkoako Foru Aldundiak Aiako Ibarrola finkan duen behiak hobetzeko testatze zentroa berrituko du, eta horretarako 619.808 euroko inbertsioa egingo du. Modu horretan, zentroan nagusi diren lau behi arrazetako 400 hazitarako abere hobetzaile lortuko dituzte urtean, gero baserritarren esku jartzeko. Orain arte, 1.406 idisko pasatu dira Aiako zentrotik; mila buru Espainiako estatuan saldu dituzte, horietatik batzuk enkanteetan, eta 10 mila eurotik gora ordaindu dituzte baserritarrek zenbait abereengatik. Nazioartean ere hainbat sari irabazi dituzten zentrotik ateratako idiskoek: Versaillesen (Frantzia) Europa mailako sariketa batean batek, eta Dominikar Errepublikan beste batek. Eraikin berriak Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Landa Garapen eta Lurralde Oreka saileko arduradunen iritziz, «lehen sektorearentzat, eta partikularki ganaduzaleentzat, aukera eta erronka da testatze zentroetan sartutako animalia kopurua gehitzea, eta hori bideratuko duen zentroa edukitzea». Aiako Ibarrola finka horretarako aproposa dela uste dute foru aldundiko arduradunek. Izan ere, gaur egungo Aiako azpiegiturak aprobetxatuz zentroa eraberrituko dute. Inbertsioei esker, besteak beste, limusina eta blonda arrazetako animaliak testatzeko erabiltzen den gunea handituko dute. Bertan eremu berriak eraikiko dituzte abereak gordetzeko, baita simaurtegia eta 200 lagun hartuko dituen enkanteetarako aretoa ere. Gipuzkoako Foru Aldundiaren helburuetako bat lehen sektoreko aktibitate ekonomikoa sustatzea da, eta horretarako «gure baserritarren produktuak hobetzearen alde egingo dugu lan». Ildo horretan, ganaduzaleei bideratutako inbertsioek garrantzi berezia dutela azpimarratu dute. Ganaduzaleak «merkatura ahalik eta ondoen egokitzeko, eta banaketaren merkatu zailean tokia hartzen laguntzeko» apustua egin du aldundiak, eta Aiako testatze zentroa horren adibide bat dela azpimarratu dute

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide