Auto bat abenduaren 31n Ubegun Iindustrialdean jokatu zen Aiako I Slalomean parte hartzen. (Eduardo Maturana)
Motor hotsarekin amaitu zuten 2015 urtea eskualdeko hainbat herritarrek Aiako Ubegun Industrialdean. Izan ere, Andatza Auzoko Uhartemuño Elkarteko kideek, Lagun Artea Eskuderiarekin elkarlanean Urtezahar egunerako Aiako aurreneko slaloma antolatu zuten. Arkaitz Iruretagoiena Azpikota izan da ekitaldiaren bultzatzaileetako bat, eta gustura da emaitzarekin. «Azken uneko burutazioa izan zen; beste hainbat herritan ere egiten dira horrelako slalomak, eta gu ere animatu egin ginen. Auto probak gustatzen zaizkigun lagun taldea bildu ginen, eta berriketan ari ginela, slaloma urtea amaitzeko egitasmo polita izango litzatekeela iruditu zitzaigun, eta aurrera egin genuen».
Denera 20 parte-hartzaile izan ziren auto proban, eta giro ederra izan zela aitortu du aiarrak. «Slalomak xarma berezia du. Zirkuitu bat osatzen da, eta ibilbidean zehar oztopo batzuk jartzen dira. Ibilbidea hasi baino lehen auto gidariei plano bat ematen zaie oztopo bakoitza zein aldetatik zeharkatu behar duten zehaztuz, eta pilotuek hori ahal den denbora gutxienean osatu behar izaten dute». Azkartasunaz gain, trebetasuna ere kontuan hartzen dute slalometan, «akatsen bat eginez gero, zigortu egiten da pilotua, egin duen denborari denbora gehituz».
Aiako I Slaloma Iñigo Olabegogeaskoetxeak irabazi zuen BMW 318IS-arekin ibilbidea 1:32,877 denboran osatuta. Bigarrena izan zen Asier Tejadok bost segundo gehiago behar izan zituen ibilbidea osatzeko, eta hirugarrena Xabier Agirre izan zen. Eskualdeko parte-hartzaileen artean Gorka Eizmendi aiarra izan zen azkarrena, bosgarren postuan sailkatu zen sailkapen orokorrean.
Parte-hartzaileak pozik
Aiako Ubegun industrialdean izan zen proba, eta auto igoeretako prozedura bera jarraitu zuten. Lehenik eta behin, goizean goiz egiaztatze teknikoak eta administratiboak egin zizkieten proban parte hartu behar zuten autoei. 10:00etan, entrenamendu saioa egin zuten, eta ondoren erlojuaren aurkako saioak egin zituzten.
Slaloma ez zen erraza izan pilotuentzat. Alde batetik, zirkuitu «osatua» dela nabarmendu dute, eta zenbait pilotuk zailtasunak izan zituzten jarraitu beharreko zirkuitua buruz ikasteko. Horrez gain, Azpikota-k aitortu du, industrialdea izanik ibilbidean zehar estolderia zuloak daudela, eta horrek zaildu egin zuela parte-hartzaileen lana. Dena dela, ez zela «arazo nabarmenik izan» nabarmendu nahi izan du Arkaitz Iruretagoienak. «Zirkuitua egoera onean zegoen, eta bezperan gauean euria egin bazuen ere, proban zehar ateri egin zuen, eta jendetza bildu zen proba bertatik bertara jarraitzeko».
Ikusleei dagokionean «gustura» daude antolatzaileak, «inguruko herrietatik jende asko etorri baitzen proba jarraitzera; gainera asko eta asko trenez etorri ziren, eta horrek saihestu egin zituen normalean horrelako hitzorduetan izaten diren aparkaleku arazoak. Gainera, denek errespetatu zituzten segurtasun neurriak». Arlo hori oso garrantzitsua izaten da antolatzaileentzat, slalometan autoek abiadura azkarrik hartzen ez badute ere, «ezinbestekoa da segurtasun neurriak errespetatzea ezbeharrik gertatu ez dadin»
Aiako I Slaloma antolatzeko Aiako Udalaren babesa izan dute antolatzaileek, eta «industrialdeko enpresek ere jarrera ona» izan dutela aitortu du aiarrak. Horrez gain, parte-hartzaileei ere eskerrak eman nahi izan dizkie. «Inguruan gero eta pilotu gehiago ditugu. Aian esaterako hiru-lau dira, eta horiek egiten duten ahalegina ere garrantzitsua da». Izan ere, Arkaitz Iruretagoienak jakin badaki «inbertsio ekonomiko handia» eskatzen duen kirola dela autoena. «Afizioa egon arren, azken urtetan krisi ekonomikoaren eraginez apal samar ibili da sektorea, baina gauzak hobetzen ari direla dirudi, pilotu gazteak parte hartzen hasi baitira».
Oro har, «oso balorazio positiboa» egin dute antolatzaileek, eta hurrengo urteetan ere antolatzeko asmoa dute. «Lehenengoa presaka antolatu dugu, eta datorren slalomari begira zenbait hobekuntza egin nahiko genituzke. Izan ere, aurtengoa ez da Slalom Zirkuiturako proba puntuagarria izan, eta hori lortu nahiko genuke, parte-hartzaile gehiago biltzen baitira puntuagarria izanda».
Dena dela, orain maiatzean jokatuko den Aiako Igoera dute buruan antolatzaileek. «Dagoeneko hasi gara antolatzeko lanetan, udaberrirako dena prest izan dadin».