Elkano auzoko frontoia. (Nerea Uranga/Hitza)
Asteartean Aiako Udalbatzak ohiko bilkura egin zuen, eta besteak beste 2016ko urtarriletik aurrera indarrean izango diren tasa eta zergak zehaztu zituzten. Aho batez onartu zuen udalbatzak tasa eta zerga gehienak izoztea; igoera izango duen zerga bakarra Jarduera Ekonomikoen gainekoa izango da. «Zerga hori inguruko herrietan zer mailatan duten aztertu dugu. Ohartu gara Aian oso baxu genuela, eta %15 igotzea erabaki dugu», azaldu du Nekane Arrizabalaga (EAJ) Aiako alkateak.
Bestetik, Elkano auzoko frontoia amaitzeko 49.000 euroko kreditu aldaketa onartu zuten udal taldeek aho batez. Alkateak esan du, frontoia eta lokala bukatzear daudela, eta azken ukituak ematen ari direla. «Oso txukun eta polita geratu da. Inguruarekin guztiz integratuta dago, eta auzoa biziberritzeko balioko duela ziur gaude».
Auzoa biziberritzeko bidea
Elkano Kultur Elkarteari frontoiaren ondoko lokala 30 urterako kontsezio administratiboan ematea ere aho batez onartu zuten udal taldeek. Elkarteak urteko mila euro ordainduko dizkio udalari lokalarengatik, eta argindarraren kostua, garbiketa eta mantenua elkarteko kideen esku geratuko da. Idazkariak azaldu zuenez, kontsezio administratiboa alokairuaren formularen antzekoa da, «baina udalaren esku uzten ditu ahalmen bereziak».
Arrizabalaga oso gustura dago Elkano auzoko frontoiaren eta lokalaren proiektuak izandako emaitzarekin. «Orain arte auzotarrek ez zuten biltzeko tokirik, eta guretzat garrantzitsua izan da behar hori asetzea». Izan ere, Aiako Udal Gobernuarentzat «herriko auzoak bizirik izatea» lehentasunetako bat da, eta uste dute Elkanoko lokal berriak auzoko giroa sustatuko duela, eta biziberritzeko balioko duela. Ildo horretan, proiektua aurrera ateratzea auzotarren eta udalaren elkarlanari esker izan dela nabarmendu du Arrizabalagak , «auzotarrek ere proiektuarekiko konpromiso handia erakutsi dute uneoro, eta hori eskertzekoa da».
AMEZTI ETXEAREN INGURUKO MOZIOA EZ DA EZTABAIDATU
Eskari eta galderen atalean EH Bilduko bozeramaile Eñaut Guruzeagak galdetu zuen zergatik ez zuten gai zerrendan sartu Ameztiko obrak gelditzeko eskatuz EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Nekane Arrizabalagak erantzun zion mozioak «presazko gaiak aztertzeko» direla, eta ez duela uste Ameztiren gaia presazkoa denik, «horregatik datorren gobernu batzordean jorratuko dugu». Aiako EH Bilduren iritziz gaia isilpean izateko modua da udalbatzarrean ez jorratzea.