Rosa Aramendi, Ziortza Balerdi, Aitor Hoyos eta Sole Otamendi. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Elkarteko kideak oso gustura daude La Caixak eman dien diru-laguntzarekin eta bereziki eskerrak eman dizkiote Orioko La Caixa bulegoko zuzendari Aitor Hoyosi proiektuarekiko erakutsi duen interesagatik eta izan duen jarreragatik. Hoyosek azaldu duenez, La Caixako Gizarte Ekintzatik mota horretako proiektuen aldeko apustua egin dute. "Espainia mailan 500 milioi bideratzen ditu La Caixak gizarte ekintzara eta gu ere oso pozik gaude Hitzez Elkartearen proiektua garatzen lagundu dezakegulako. Diru hori gure bezeroei esker lortzen dugu, eta gure ardura da berriz ere gizarteratzea. Beraz, erakundeek gizarte arloko proiektuak esku artean badituzte, gurekin harremanetan jarri daitezke laguntza eskatzeko ". Hitzez Elkartearentzat esaterako oso garrantzitsua da diru-laguntza, "horri eskerrak jarraitu baitezakegu emakume baserritarron alde lanean. Gainera, diru-laguntza hau egiten dugun lanaren aitorpena ere bada".
Aurten esperientziak eta bizipenak partekatu dituzte Hitzez elkarteko kideek eta Boliviako landa eremuko emakume baserritarrek Aian eginiko topaketan, eta konturatu dira hemengo emakume baserritarrek "urrats garrantzitsuak" eman dituztela 2007an elkartea sortu zenetik. "Gure helburua emakume baserritarron ahalduntzea lortzea eta gure bizi kalitatea hobetzea izan da, eta urte hauetan aurrera pausu nabamena egin dugu arlo horretan" azaldu zuen Rosa Aramendi Hitzez Elkarteko lehendakariak. Egun esaterako Hitzez Elkarteko kideak hainbat herritako Berdintasun Batzordeetako kideak dira, eta horrek beren egoera plazaratzen eta hobetzen laguntzen dietela uste dute. "Oso garrantzitsua da emakume baserritarron ahotsa erakundeetara eta erabaki organoetara iristea, ahalduntze prozesuan aurrera egiteko eta gure egoera hobetzeko ezinbesteko bidea baita".
Datorren urterari begira bertako emakume baserritarren inguruko azterketa egin nahi du Hitzez Elkarteak, zer egoeretan dauden ikusi eta zer behar dituzten ezagutu. "Euskal Herri osoko emakume baserritarrak biltzen gara Hitzez Elkartean, eta bailaraz bailara joan nahi dugu tokian tokiko emakume baserritarrekin hitz egin eta beren eskaerak ezagutzeko".