Herritar bat argazki erakusketa ikusten eta argazkirik gustukoenak aukeratzen. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Pasa den asteburuan ireki zuten Aiako Argazki Lehiaketako erakusketa kultur etxeko beheko solairuko aretoan, eta hilaren 18ra bitartean bertaratzen direnek argazki gustukoenak bozkatzeko aukera izango dute. Aiako Kultura teknikari Eli Lasaren esanetan, arrakasta izaten du urtero egitasmoak: «10 urte daramagu parte hartze prozesuarekin, eta adin guztietako herritarrek parte hartzen dute argazkien bozketan: helduek, gazteek nahiz haurrek. Baita herrira bisitan etortzen direnek ere; izan ere, erakusketa ikusten duen edonork eman dezake bere iritzia».
Herritarrek aukeratutako sei argazki bozkatuenek eta epaimahaiak hautatzen dituen beste seik osatuko dute Aiako Udalak datorren urterako argitaratuko duen egutegia. «Gustura hartzen dute herritarrek egutegia. Zenbaki handiak ditu, alboan idazteko tokia du, eta herriko informazio praktikoa ere eskaintzen baita bertan».
Antolatzaileak gustura dira argazki lehiaketak parte-hartzaileen artean izaten duen erantzunarekin, eta uste dute maila gaiaren araberakoa izaten dela. «Zenbait urtetan ez dugu gaiarekin asmatu. Auzoak gai bezala jarri ditugunetan, esaterako, ohartu gara nahiko mugatua izaten dela, gauza beraren 15 argazki biltzen baitira. Aurten, berriz, gustura gaude, gaia irekia da eta argazki politak bildu ditugu».
Ana Lasa: «Gaiak zeresana izaten du argazkien mailari dagokionez»
Ana Lasa aiarrak maiz parte hartu izan du Aiako Argazki Lehiaketan, baina aurten erakusketako ikusle gisara aurkitu du HITZAk kultur etxean.
Askotan parte hartu izan al duzu lehiaketan?
Bost aldiz parte hartu dut, eta hiru sari eskuratu ditut, horietako bat sari nagusia izan da. Azken urteetan, ordea, ez dut parte hartu. Kamera klasiko txiki bat dut, objektiborik gabekoa, oinarrizkoa. Azken urteetan kamerei dagokionez maila altuagoa dagoela ikusi dut, eta horregatik ez naiz animatu parte hartzera. Beti kamera aldatzekotan nabil, baina ez dut urratsa eman.
Lehiaketan zer moduzko maila dagoela iruditzen zaizu?
Aurtengoan maila polita dagoela uste dut. Dena dela, ez da urtero gertatzen. Duela bi urte, esaterako, egutegirako argazkiak bozkatzen ari nintzenean, bi bakarrik aukeratu nituen, gainontzekoak ez zirelako aukeratzeko modukoak. Uste dut gaiak zeresana izaten duela argazkien mailari dagokionez, zenbait gai irudikatzea ez da erraza izaten. Gainera, aurpegiak agertzen badira baimena eskatu behar zaie herritar horiei; beraz, gaia oztopoa izan daiteke zenbaitetan.
Aurtengo gaiarekin asmatu al dute?
Bai, Aiarekin erlazionatutako argazkiak aurkeztu behar ziren. Oso gai irekia da, eta bakoitzak bere interpretazioa egin du. Denetik dago, txuri-beltzean, koloretsuak, festa girokoak, negua eta elurra nahiz udazkeneko zuhaitz politak.
Zeri ematen diozu garrantzia zeuk argazki gustukoenak aukeratzerakoan?
Barruan zerbait sentiarazten didaten argazkiak gustatzen zaizkit niri. Oso ondo iruditzen zait herritarrei argazkirik gustukoenak hautatzeko aukera ematea, egutegia etxe guztietara banatzen dutelako. Denen gustukoa izan behar duela iruditzen zait.