Euskadiko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatu zuten igande eguerdian Aian, eta Aitzol Atutxa izan zen azkarrena. Denera 12 aizkolarik parte hartu zuten, eta horietatik sei sailkatu ziren urriaren 12an finala jokatzeko: Aitzol Atutxa, Floren Nazabal, Jon Irazu, Iñaki Azurmendi, Joxemari Olasagasti eta Joseba Otaegi.
Aizkolari bakoitzak 54 ontzako bi enborreko, 60 ontzako bi enborreko eta 72 ontzako bi enborreko lana egin zuen, eta Aiako Idi Proba Elkarteko kide Paulo Aldalurrek azaldu duenez, «maila ederra erakutsi zuten parte-hartzaileek eta ikuskizun polita ikusteko aukera izan zen». 300 lagun inguru bildu zen Aiako Probalekuan, eta giro ederra izan zela nabarmendu dute antolatzaileek.