Pasa den igandean Getarian egin zuten Desioak Sutan ekimena. (Amaia Ventas/Hitza)
Bihar arratsaldean jai giroan murgilduko dira aiarrak, eta datorren astelehenera arte festa giroz eta ekitaldiz betetako egunak igarotzeko aukera izango dute Aiara bertaratzen direnek. Urtero bezala erromeriak, kontzertuak, herri kirolak, haurrentzat jolasak eta beste hainbestez gozatzeko aukera izango da bertan.
Pasa den asteburuan hasi ziren herritarrak San Donato eta San Lorentzo jaietarako gorputza berotzen, eta hainbat ekitaldi izan zen. Larunbat goizean, esaterako, Bolo Txapelketa jokatu zuten probalekuan. 09:30ean hasi eta eguerdira arte iraun zuen txapelketak, eta azkenean Txema Fernandez izan zen irabazlea.
Igandean, berriz, Usokume Tiraketa egin zuten, eta Unai Jauregi gailendu zen txapelketa horretan. Denera 156 parte-hartzailek eman zuten izena nor-
gehiagokan, eta giro ederra izan zen. Aiako onena Mikel Aramendi izan zen, eta honen atzetik, Paulo Aldalur herritarra sailkatu zen.
Desioak Sutan, igandean
Aurten berrikuntza bezala Mendebaldeko Sahararen aldeko Desioak Sutan elkartasun jaia egingo dute Aian. Duela hiru urte Zarautzen abiatu zuten egitasmoa beste sei herritara zabaldu dute aurten, tartean Aiara. Abuztuaren 9an, igandean, 22:30etik aurrera aireratuko dituzte eskola aurreko kirolgunean sahararren aldeko su bolak; guztira 300 su bola.
Ekitaldian parte hartzeko txartelak euro baten truke erosi behar dira Iturriozenan, Jauregin, Kanuan, Aize Berrin, igerilekuan edo festa batzordeko kideei eskatuta. Bertan lortzen den dirua Sahararen aldeko elkarteen bitartez errefuxiatuen kanpamenduetara bideratuko dute.
Egunean bertan 22:00etatik aurrera txartela su bola batengatik trukatu ahal izango da.
Bihar, abuztuak 6
17:00etan, hegazti harraparien ikuskizuna Euskal Faunak taldeak eskainia.
Ondoren, zumba maratoi herrikoia.
19:30ean, txupinazoa, jaiei hasiera emanez. Kalejira herriko kaleetan buruhandiekin eta trikitilariekin.
21:30ean, herri afaria, Izer, Alabier eta Lutxurdio trikitilariek alaituta. Txartelak Iturriozena tabernan.
Etzi, abuztuak 7
08:30ean, Baote zeoze?
10:30ean, meza nagusia.
Ondoren, XXXVII. Pilota Txapelketaren finalak.
16:00etan, mus txapelketa.
16:30etik 19:30era, puzgarriak plazan.
19:30ean, kalejira buruhandi eta trikitilariekin.
20:00etan, garagardo dastaketa, plazan.
22:00etan, bertso jaialdia: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Iker Zubeldia, Sebastian Lizaso eta Sustrai Colina. Gai-jartzailea: Andoni Egaña.
00:00etan, Babel Coversekin erromeria.
Abuztuak 8, larunbata, Umeen Eguna
08:30ean, Zeoze baote?
11:00etan, txirrindulari lasterketa haurrentzat, eta jolasak.
17:00etan, Poxpolo Ta Konpainia pailazoen emanaldia.
Ondoren, Gorriti bere animaliekin.
Jarraian, kalejira herriko kaleetan buruhandi eta trikitilarien laguntzaz.
20:30etik 21:30era, Egan taldearen saioa.
22:30ean, Ondoko hilobiko tipoa antzezlana, Iker Galartza eta Aitziber Garmendiarekin.
Ondoren eta goizaldera arte, Egan taldearekin dantzaldia.
Abuztuak 9, igandea
11:30ean, sardina jana eta toka txapelketa irekia.
18:00etan, kale zirkua: Xarivari blues emanaldia Circo Los-ekin.
19:30ean, kalejira buruhandiekin.
22:30ean, Desioak Sutan ekitaldia, Sahararen alde (su bolak aireratuko dituzte).
00:00etan, karroza.
Ondoren, Abiba DJ musikariarekin dantzaldia.
Abuztuak 10, astelehena
11:00etan, meza nagusia
12:00etan, pilota partidak. Lau t’erdian Lorentzo-Orbegozo (Aia), Gorka-Iriarteren aurka (Azpeitia). Binaka, Saralegi-Zabala eta Olazabal-Gorrotxategi.
Ondoren, adinekoei eskainitako bazkaria.
17:30ean, herri kirol jaialdia, Iparraldeko Jokoen Gipuzkoako Txapelketa.
Ondoren, kalejira herriko kaleetan, trikitilariekin eta buruhandiekin.
23:00etan, Zaragozana su etxearen suak.
Ondoren, Argi Laurden taldearekin erromeria.
01:00etan, traka zaratatsua, eta erromeriaren segida, jaiak bukatzeko.