Aian jokatuko dira Gipuzkoako ingude, txinga, lasto eta zaku txapelketak

Aritz Mutiozabal- Sasoian.Info 2015eko abuztuaren 4a

Gipuzkoako Ingude txapelketa jokatuko da Aian (Onintza Lete Arrieta/Hitza)

Lau herri kirol diziplinetako Gipuzkoako Txapelketak jokatuko dituzte abuztuaren 10ean, 18;00etan hasita, Aian: ingude altxatzea, txinga eroatea, lasto altxatzea eta zaku eramatea. Proba bakoitzeko txapeldunak Gipuzkoa ordezkatuko du Elizondo egingo den Zazpi Herrialdeetako Txapelketan, iralairen 19an.

Ingude altxatzean lau kideak hartuko dute parte: Oskar Aranbarri, Iker Goikoetxea, Patxi Ituarte eta Mikel Agirre.  18 kiloko ingudearekin ariko dira lanean, minutu eta erdiko saioan. Mikel Agirre salbu, gainerako hirurak zaku eramateko proban lehiatuko dira: 80 kiloko zakuarekin 120 metroko lasterketa osatu beharko dute, banan-banan.

Bost lagun ariko dira lasto altxatze proban: Peio Argaia, Mattin de la Sotilla, Lander Otermin, Patxi Ituarte eta Jose Martin Bustinza. Hauek lurretik poleara arte (7,5 metro) 45 kiloko lasto fardoa altxa beharko dute ahalik eta gehien, bi minutuko saioan.

Parte-hartze gehien duen proba izango da txinga eroatearena, zazpi partaiderekin. Denbora librean, 50 kiloko txinga bana esku bakotzean eraman beharko dute hauek. Parte hartzaileak honako hauek izango dira: Igor Landa, Lander Otermin, Oskar Aranbarri, Iker Goikoetxea, Patxi Itruarte, Mikel Agirre eta Aitor Alkain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide