Aiarako Udalbatza berriaren lehen udalbatzarra. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Asteazken arratsaldean agintaldeko lehen udalbatzarra egin zuten Aian, eta barne antolaketa eta hainbat erakundetan Aiako Udalak izango duen ordezkaritza onartu zituzten. Lehenik eta behin Gobernu Batzordea osatuko duten kideak zein izango diren jakinarazi zuen Nekane Arrizabalaga alkateak. «EAJtik lau kide izango gara eta EH Bilduri hiru kide izatea eskaini zitzaion. Eñaut Gurutzeaga koalizioko bozeramailearekin hitz egin ondoren, azkenean EH Bilduk bi ordezkari izatea adostu genuen», zehaztu zuen alkateak. Kontu Batzordeak ere kide berak izango ditu. Orain arte bezala, hirigintzako gai guztiak pasako dituzte Gobernu Batzordetik; kontratazioari dagokionez 12.000 eurotik gorako gaiak Gobernu Batzordetik pasako dira eta 12.000 euro artekoak, alkateren esku geratuko dira.
45.000 euroko soldata
Aiako udalbatzarreko bilerak asteazkenetan izango dira, gutxienez hiru hilabeteko maiztasunarekin.
Nekane Arrizabalaga alkateak dedikazio osoa eta 45.000 euroko soldata izango du. Hau da, Udalhtzeko 21. mailan mantenduko da; udaletxeko mailarik altuena duen teknikariak duen soldata bera izango du. «Duela urte batzuk soldata hori jartzea erabaki genuen ulertzen dugulako alkateak teknikariek baino ardura gehiago duela», azaldu zuen Igor Iturain zinegotzi eta alkate ohiak. Idazkariak azaldu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak alkateek izan dezaketen gehiengo soldata zehaztu duela udalerriaren biztanle kopuruaren arabera. «2.000-5.000 biztanle arteko udalerrietako alkateek gehienez 57.000 euroko soldata izan dezakete.Nekanek hori baino 12.000 euro gutxiago jasoko ditu». Alkateordeak 120 euro jasoko ditu hilean, eta zinegotziek 90 euro. Horretaz gain, bilera bakoitzeko 24 euro gehiago jasoko ditu bakoitzak.
Ordainsarien inguruko bozketa egin zuten udalbatzarrean; EAJko zazpi zinegotziek baiezkoa bozkatu zuten eta EH Bilduko laurak aurka agertu ziren; beraz, onartu egin zen.
ORDEZKARITZA
Barne antolaketa
- Alkatea: Nekane Arrizabalaga.
- Alkateordea: Arkaitz Iruretagoiena.
- Gobernu Batzordea eta Kontu Batzordea: EAJtik Nekane Arrizabalaga, Arkaitz Iruretagoiena, Asier Ibarguren eta Igor Iturain. EH Bildutik Eñaut Gurutzeaga eta Aitor Arregi.
Kanpoko erakundeak
-Urola Kostako Udal Elkarteko ordezkaritza: Nekane Arrizabalaga eta Eñaut Gurutzeaga.
-Gipuzkoako Ur Kontsortzioa, Pagoetako Patronatua, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioa, Urkome eta Eudeleko ordezkaria:
Nekane Arrizabalaga.