Donostian bizi den Javier Espigares artista granadarrak 'The art of light and color' erakusketa zabaldu du Aiako Kultur Etxean. Uztailaren 23ra bitartean izango da ikusgai «alaitasuna» helarazten duen bilduma.
Aiako Kultur Etxea kolorez bete du Javier Espigares granadarrak bere artelanekin. The art of light and color izeneko erakusketa ireki zuen atzo, eta horren bidez «alaitasuna» helarazi nahi die bertaratzen diren herritarrei uztailaren 23ra bitartean. «Nire margolanak ikusten dituzten herritarrei poztasuna sentiaraztea izan dut helburu margotzen hasi nintzenetik. Nire lanak erakusgai jarri nituen lehen aldian, emakume bat erakusketara sartu eta irribarre egin zuen. Erakusketan zehar jarraitu nion, ez zekien autorea ni nintzenik, eta erakusketak alaitasuna adierazten zuela esan zidan». Ordutik, keinu hori behin eta berriz errepikatzea nahi du Donostian bizi den artista andaluziarrak.Kolorez eta argiz betetako lanak aurkitu daitezke erakusketan. «Koloreei indarra ematen saiatzen naiz, ez dut inoiz paisaia tristerik egiten. Bestetik, erliebea markatzea ere asko gustatzen zait».
Arte «ulerterraza»
Duela zazpi hilabete hasi zen Javier Espigares margotzen. «Gaztea nintzenean trebea nintzen marrazten. Ordutik, amak askotan esan izan dit margolanen bat margotzeko; lientzoak ere oparitu izan dizkit, baina ez nintzen inoiz ausartu pintzela hartu eta margotzera». Duela zazpi hilabete eman zuen lehen pausoa, «nonbaitetik hasi behar nuen, eta beste egile baten margolan baten erreplika egin nuen. Emaitza txukuna atera zitzaidan, animatu eta aurrera jarraitu nuen».
Orokorrean, granadarra argazkietan oinarritzen da margolanak sortzerakoan. «Gustatzen zaidan paisaia bat aukeratzen dut, argazkia atera eta irudi hori interpretatzen dut. Erakusketan Aiako Agorregi burdinolaren margolan bat aurkitu daiteke, nik atera nuen argazkia oso tristea zen, baina margolana kolorez eta argiz betetakoa da».
The art of light and color erakusketa hainbat herritan erakusgai izan du Espigarasek, eta «orain arte harrera oso ona» izan duela aitortu du. «Aian ere horrela izatea nahiko nuke. Herritarrentzat ulerterreza den artea egiten saiatzen naiz. Bisitariek nire margolan bat begiratzen dutenean badakite zer ikusten duten, baina margolanaren koloreek, argiak eta irudiak ematen die atentzioa batik bat».
Javier Espigarasek eskerrak eman dizkie erakusketa jartzen lagundu dieten Aiako Udaleko kideei.