Esperientziak eta bizipenak partekatu dituzte Hitzez elkarteko kideek eta Boliviako landa eremuko emakume baserritarrek Aian. Egoera oso desberdina da batean eta bestean, baina emakumeena, ez horrenbeste.
Emakume baserritarren egoera antzekoa da mundu guztian zehar. Askotan emakume baserritarron errealitatea ezezaguna izaten da tokian tokiko gizarteetan, eta horregatik, garrantzitsua da bistaratzea eta gure eskubideak aldarrikatzea», azaldu du Hitzez elkarteko lehendakari Rosa Aramendik. Hitzez elkarteak urteak daramatza emakume baserritarrren egoera hobetzeko urratsak ematen. Horretarako, Euskal Herriko hainbat eragile eta erakunderekin elkarlanean dihardu, eta aurten urratsa eman dute nazioarteko esperientziak ezagutzeko. Elkarteko kideak urtarrilean Bolivian izan ziren Zabalketa GKEren bitartez, hango emakume baserritarren egoera eta esperientzia ezagutu eta elkarrengandik ikasteko. Trukean, pasa den astean Boliviako emakumeak Euskal Herrira etorri ziren, eta emakume baserritarren inguruko mahai inguruan parte hartu zuten, Aian.Ohituraz emakume baserritarrek beren gain hartu izan dute baserriko lana eta familiaren zaintza, «baserria aurrera ateratzea» izaten baita helburu nagusia eta, bide horretan, beren bizitza alde batera uzten dute. «Oso garrantzitsua da geure buruarengan konfiantza izatea eta aldaketari beldurrik ez izatea».
Hala, «emakumea aintzat hartzen duen eredua» sustatu behar dela uste du Aramendik, eta «emakumearen parte hartzea bermatuko duten espazioak sortu. «Lan kolektiboa da giltza, horrek hitza emango digu gizartean, eta gure eskubideak bermatzeko bideak irekiko dizkigu». Horretarako, hitzarmen bat sortzeko prozesuan urrats garrantzitsuak eman dituzte azken urteetan Euskal Herriko emakume baserritarrek.
Ayni Zentroa
Zabalketa erakundea Euskal Herriko eta Boliviako emakume baserritarren esperientziak eta bizipenak partekatzeko zubia izan da. Hamar urte daramatza Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin Boliviako Ayni Zentroarekin elkarlanean, eta Euskal Herrira etorri diren hiru emakumeak bertako formazio proiektuetan parte hartzen ari dira.
Ayni Zentroak bi lan ildo jorratzen ditu. Alde batetik, herrigunetik urrun bizi diren gazteek beren ikasketak jarraitu ditzaten barnetegiak martxan dituzte herrigune handietan. «Emaitza oso ona ematen ari da ekimena, unibertsitatera edo Lanbide Heziketara iritsi baitira bertako ikasle izan diren gazteak. Hori urrats garrantzitsua da landa komunitateentzat, nekazaritza ez den diru iturria eta garapena ekarriko baitie», azaldu du Ayniko teknikariak.
Bestetik, Ayni Zentroan emakume liderrak izateko formatzen dituzte hainbat emakume baserritar; eskubideak eta betebeharrak eta legedia lantzen dituzte, eta antolaketa eta egituraketa prozesuen eta ekoizpen sistemen inguruan sakontzen dute, baita autoestimua landu ere.
Horretarako, lehenik eta behin ekoizle komunitate bakoitzak emakume lider bat aukeratzen du, eta horiek urtean lau aldiz hiru egunetako egonaldiak egiten dituzte Ayni Zentroan. Osasuna, hezkuntza, produkzio sistemak eta beste hainbat arlo aztertu eta hobetzeko bideen inguruan hausnartzen dute, gero beren komunitatean praktikan jartzeko. Euskal Herriko egonaldia ere hezkuntza prozesuaren parte izan da. «Hemengo errealitatea ezagutu dugu, eta Hitzez elkarteko kideek azaldu digute azken urteetan hobekuntza nabarmena jasan duela baserriak. Prozesu horretatik ikasi nahi dugu, eta gure inguruak dituen potentzialtasunetan oinarrituta aldaketak egin».
Emakume liderrak
Euskal Herriko nekazal eremuak ez du zerikusirik Boliviako errealitatearekin; «lur emankorra duzue, nahikoa euri egiten du hemen eta lana errazten duten azpiegiturak eta baliabideak dituzue eskura», deskribatu dute boliviarrek. Boliviako landa eremua, berriz, lehorrra da, urtean bi-hiru hilabetez egiten du euria eta askotan ura ez da iristen etxeetara, errepiderik ez dute, ezta lurra lantzeko tresnarik ere. «Gainera, gure ekoizpen sistemarekin familiari jaten emateko soilik ekoizten dugu, ez dugu saltzeko soberakinik eta hori arazoa da guretzat». Horregatik, Ayni Zentroan beren diru iturriak dibertsifikatzeko ekoizpen bide berriak aztertzen dituzte emakume liderrek. Emakume boliviarrek azpimarratu dute Boliviako landa eremuan «pobrezia handia» dagoela eta «kolektiborik ahulena emakumeak» direla berretsi dute. Horregatik, ekoizpen sistemak jorratzeaz gainera, eurentzat garrantzitsua da Boliviako emakume baserritarrek «hitza hartu eta aldaketen eragile izatea».
Ildo horretatik, azken urteetan Boliviako emakume baserritarrek pauso garrantzitsuak eman dituzte gizartean beren parte hartzea bermatzeko, eta gaur egun emakume horiek ardura postuak dituzte erakunde publikoetan. «Ni neu Camargo hiriko zinegotzia naiz, eta nire helburua landa eremuko biztanleok behar ditugun baliabideak aldarrikatzea da», azaldu du Maritza Mamani Alejandrok. Hala ere, Boliviako emakume baserritarrentzat ez da nahikoa presentzia soila, ardura postu horiek betetzeko gai direla erakutsi nahi dute, eta horretarako prestatzen ditu Ayni Zentroak.
Lurraren titularitatea
Boliviako emakume baserritarren helburua enpresa txiki bat sortu eta independentzia ekonomikoa edukitzea da. «Emakumeok geure dirua irabazten ez badugu, gizonek hartzen dituzte erabakiak gure ordez, eta ezin dugu aurrera egin», salatu du Adela Velazquez boliviarrak. Horregatik, bere iritziz ezinbestekoa da «parekidetasunean oinarritutako eredua sortzea. Emakumeok normalean familiaren eta komunitatearen onura nahi izaten dugu, etorkizun hobe bat lortzea da gure ametsa eta horretarako ezinbestekoa da gizon eta emakumeek elkar ulertzea eta biek norabide berean bidea egitea».
Boliviako emakume baserritarrek zeinbat arlotan Euskal Herrikoek baino baliabide gutxiago badituzte ere, Euskal Herrian lortu ez dena lortu dute: lurren titularitatea emakumeek edukitzea. Boliviako Gobernuak emakume baserritarrak babesteko araudia abiatu zuen, eta horri esker, aurrerapauso garrantzitsuak eman dituzte azken urteetan. «Lehen arazo handia genuen. Bolivian gizonezko asko oso matxistak dira, eta familiarengan pentsatu gabe, askok beren lurrak saltzen zituzten eta alde egiten zuten emaztea eta seme-alabak kale gorrian utzita. Horrek sortzen zuen ezengonkortasunaz ohartuta, legea aldatzea erabaki zuen Boliviako Gobernuak, eta lurren jabetza emakumeok dugu orain, baita gizonezkoek lurrak herentziaz jaso badituzte ere».