Orientazio proba egingo dute Aian asteburuan. (Gipuzkoako Orioentazio Taldea)
Pagoetako Orientazio Proba antolatu du Gipuzkoako Orientazio Taldeak astebururako, Aiako Udalaren, Gipuzkoako Parketxe Sarearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ipar Ligarako eta Pirene Ligarako proba puntuagarria izango da Aiakoa, eta 300 orientatzailek parte hartuko dutela aurrikusten dute antolatzaileek; horien artean, Espainiako estatuan punta-puntan dabiltzanak izango dira.
Izena emateko azken eguna
Hiru proba prestatu dituzte; bi larunbaterako eta bat iganderako. Hainbat kokagunetan jokatuko dituzte, eta distantzia desberdinetakoak izango dira. Alde batetik, larunbat goizean, hilaren 20an, distantzia ertainekoa egingo dute Iturrarango lorategi botanikoan, 11:00etan hasita. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera sprint distantziakoa jokatuko dute, Aiako herrigunean bertan. Eta azken proba igandean izango da; parte-hartzaileak herriko plazatik 10:00etan abiatuko dira, eta Pagoetako natur parkean osatuko dute proba.
Orientazio probetan parte hartu nahi dutenek gaur izango dute izena emateko azken eguna. Kirolari federatuek nahiz herrikoiek parte hartu dezakete, eta bakoitzak bere ezaugarrietara ondoen egokitzen den ibilbidea aukeratu ahal izango du. «Maila fisikoaz haratago, egunerokotasunean denok behar izaten dugu orientatzeko gaitasuna. Horregatik, proba honetan ere edonork parte hartzeko aukera izango du, ez da aparteko maila fisikorik behar. Alderantziz, lehenengo pentsatu eta gero ibili egin behar da. Bakarka, lagunekin edo familian», diote Gipuzkoako Orientazio Taldekoek. Hori horrela, hastapeneko hiru proba edo ibilbide atondu dituzte. Interesatuek gotorien
tazioa.org webgunean eman dezakete izena. Guztira, 800 parte- hartzaile inguru espero dituzte.
Antolarzaileek, parte hartzea errazte aldera, haurren zaintza zerbitzua eskainiko dute asteburuan, eta etxeko txikienentzat espreski antolaturiko orientzio ibilbidea ere egingo dute.
Kirol eskandinabiarra
Orientazio proba ez da mendi martxa bat, ezta mendi lasterketa bat ere. «Batzuentzat altxorraren bila jolasten ibiltzea bezala» dela nabarmendu dute Gipuzkoako Orientazio Taldekoek. Maparen eta iparrorratzaren laguntzarekin, antolatzaileek mendian edo herrian jarritako balizak bilatzea du xede. «Norberaren orientatzeko gaitasunaren arabera, batzuek oinez eta besteek lasterka egin ohi dute, inguruko gune eta txoko berriak ezagutuz».
Jatorri eskandinabiarra duen kirola da, eta Euskal Herrian oso ezaguna ez bada ere, beste herrialde batzuetan oso hedatuta dago. Nagusiki, proba herrikoiak izan ohi dira, eta adin tarte zabaleko parte-hartzaileak elkartzen ditu. Garrantzitsuena orientazio gaitasuna izatea da.