Isilik gordetako historia argitara eman dute Aian

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko ekainaren 5a

Larunbatean Aiako 1936ko gerrako biktimei omenaldia egin zien Aiako Udalak. (Aiako Udala) Hamarkadetan zehar 1936ko gerra tabua izan da Euskal Herrian. Gizartea bi bandotan banatu zuen, eta bertan sortu ziren zauri asko oraindik itxi gabe daude. 80 urtez irabazleen historia kontatu izan da, eta gainontzekoak isilik mantendu dira, ezkutuan. Garai hartan «herritarrek jasandako errepresioa, mina eta kalteak» larriak izan zirela uste du Aiako Udalak, eta hori aitortzeko larunbatean 1936ko gerra sufritu zuten aiarrei omenaldia egin zien; tartean 1936an Aiako alkate zen Gabino Alustizari, Francoren aldeko tropek harrapatu eta fusilatu baitzuten hura. Gainera, Udalbatza osatzen duten bi alderdiek gaitzetsi egin dute 1936an legezko Gobernu Errepublikarraren aurkako estatu kolpea, Aiako Udalaren izenean. Adierazpen hori jasotzen duen diploma banatu zieten larunbatean 1936ko gerraren biktima izan ziren aiarren familiakoei. Omenaldiaz gain, Aiako Udalak liburu batean jaso nahi izan ditu 1936ko gerra bizi zuten aiarren bizipenak. Hala, Eneko Sanz historialari errenteriarrak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarlanean Aia 1936: Gerra Zibila, errepresio frankista eta Giza Eskubideen urraketa liburua osatu dute. «Oso garrantzitsua iruditu zaitzaigun 1936ko gerra bizi izan zuten aiarren testigantzak jaso eta modu horretan isilpean gorde den historia idaztea», azaldu du egileak. «Oso pozik gaude emaitzarekin, liburuaren bitartez izena galdu zuten aiar askoren istorioa berreskuratzea lortu baitugu. Eskerrak eman behar dizkiegu bihotza ireki eta beren testigantza eskaini diguten aiarrei». Eneko Sanz historialaria Aia 1936: Gerra Zibila, errepresio frankista eta Giza Eskubideen urraketa liburua aurrean duela. (Aritz Mutiozabal/Hitza) Aiako Udaleko artxiboko dokumentazioa, beste artxibategietan aurkitutakoa, garaiko egunkarietako albisteak eta herritarren testigantzak uztartu ditu Sanzek liburuan. Herritarrekin hartu-emana bideratzeko Aiako postari Joxe Mari Gonzalez Txabarriren laguntza izan du historialariak. «Gerrak sufrimendu asko sortu zuen hamarkada askotan zehar, eta garai hori bizi zutenei asko kostatzen zaie orduko gertaerez hitz egitea». Horregatik, Gonzalez Txabarriren laguntza ezinbestekoa izan da, «hari esker ireki baitizkigute baserri eta etxe askotako ateak». Ikertzen hasi zenean, historialariak argi zuen helburua: ahalik elkarrizketa gehien egitea, aiarren bizipenak betirako grabatuta geratu zitezen. «Denborarekin herritarrak hil egiten dira, eta beraiekin desagertzen dira beren istorioak ere». Sanzek badaki «gogorra» dela gerra bizi izan duten pertsonentzat gertatutakoa azaltzea. «Ezin da gaian sartu bat-batean, adineko pertsonak dira eta kontu handiz ibili behar da. Horregatik, pixkanaka joan gara». Garaiko bizimoduaz aritu ziren aurrena, ondoren gerraren etorrera nola izan zen eta zer entzuten zen galdetzeko; baita Francoren tropak Aiara iritsi zirenean zer gertatu zen ere. Gabino Alustiza alkatea Kontakizuna egiterakoan aiarren bizipenetan oinarritu da Sanz. Hasiera batean saiatu ziren garai historiko bakoitza markatzen, «baina konturatu ginen ezinezkoa zela, jendea etxean entzundakoez eta anekdotez gogoratzen baita». Testuinguruan kokatzeko, nabarmendu behar da 1936an Aia nekazal herria zela, «oso elizkoia zen, eta antzinako ohiturak oso errotuta zeuden». Dena dela, orduko udal gobernuak Gabino Alustiza buru zela errepublikaren alde egin zuen, eta erresistentzia batzordea sortu zuten. 1936ko irailaren 20an sartu ziren Francoren tropak Aian. «Irailaren 2tik aiarrek bazekiten gerra gertu zebilela. Herritar batzuek Aiatik alde egin zuten, baina berriak ere iritsi ziren». Izan ere, Irun erori zenean, Errepublikaren aldeko tropek atzera egin zuten, eta horietako batzuk Aiara joan ziren. «Aia herri sinesduna zen, eta errepebublikarrek aiarren artean errezeloa sortzen zuten. Gainera ez zekiten euskaraz, eta armak zituzten. Hori izan zen 1936ko gerrak bi kultur ereduren artean sortu zuen lehen talka», azaldu du historialariak. Francoren tropak Orioko bidetik iritsi ziren Aiara. Herritarrek gogoan dute «inbasio» moduko bat izan zela. «Bat-batean militar mordoa iritsi zen herrira, desfilea izango balitz bezala. Errepublikaren aldekoek troparen tamaina ikusi zutenean, korrika ihes egin zuten Zarautz aldera». Francoren aldeko soldaduen botek lurraren kontra ateratzen zuten hotsa herritarrek oraindik gogoan dutela dio Sanzek; «klak, klak». Bi egun iraun zituen gerrak Aian. «Ez zen erresistentziarik egon, milizianoek argi baitzuten armada erregular baten aurka ez zutela zereginik». Francoren tropak Aian sartu eta gutxira harrapatu zuten orduko alkate Gabino Alustiza. «Ondarretako kartzelara eraman zuten lehenengo, eta Hernaniko hilerrian fusilatu zuten». Gabino Alustizaren alaba Isabel Alustizaren testigantza erabili du Eneko Sanzek kontakizuna osatzerakoan. Leandro Urretabizkaia Aiako apaiz nagusiak herritik alde egin zuela ere aipatu zioten herritarrek Sanzi hainbat elkarrizketatan. «Liburuan jaso dugun udalbatzarreko agiri batean ikusi dezakegu Aiako Udalbatzak gaitzetsi egin zuela herriko apaizaren heriotza; izan ere, Urretabizkaia erreketeetatik ihesi hil baitzen». Alustizarekin batera Miguel Uria zinegotzia harrapatu zuten, eta hura ere Donostiako Ondarretako kartzelara eraman zuten. «Uria aske utzi zuten, baina garaiko 100.000 pezetako isuna ordaindu behar izan zuen. Gainera, noizbehinka Francoren aldekoak etxera joaten zitzaizkion diru edo animalia eske. Gerra pasata ere beldurrez bizi izan zen; gerran ez zen hil, baina mehatxupean bizi behar izan zuen».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide