Argazkiak: Onintza Lete Arrieta
Asentzio Azoka egin dute Aian, eta urtero bezala, herria azoka erraldoi bihurtu da. Eguraldi paregabea tokatu da, gainera, eta bisitari asko erakarri du. Bazter guztiak bete dira autoz.
Ikusteko eta erosteko, berriz, makina bat gauza. Animaliak eta lan tresnak izaten dira inportanteenak, baina jendeak poltsak bete ditu pastelez eta bizkotxoz, ogiz, gaztaz eta tomatez. Ikusgarriak ekarri dituzte azken hauek.
Txorizo pintxoa bertan prestatu eta saldu duenik ere egon da aparkaleku handiko azoka gunean, eta handik metro gutxira, beste saltzaile batek txotxeko sagardo freskoa eskaini du.
Haurrak, animalien gunean
Aurten ere animalia mota asko ikusteko aukera egon da Aian. Idiak, behiak, astoak, pottokak, ahuntzak, ardiak, ahariak, faisanak, oiloak, oilarrak eta txitak... Hain ohikoak ez diren animaliak ere erakutsi dituzte kaioletan, eta kaiola guzti-guztiei jarri diete kartela animalia motaren izenarekin eta ezaugarriekin.
Dudarik gabe, haurrek gozatu dute gehien animalien gunean. Beldurrik ematen ez zieten animalia guztiak ukitzen saiatu dira, batzuei azala ferekatuz, beste batzuei buztanetik heldu nahian... Pozik gelditu dira. Animalien nagusiek, berriz, salerosketen araberakoa izango dute poztasuna.