Senar-emazteak Aiako Lardizabal Eskolan botoa ematen. (Aiora Larrañaga/Hitza)
Goizean goizetik giro ederra izan dute Aiako herrigunean. Bederatzietan Lardizabal Eskolan hauteskunde mahaia ireki dutenerako hainbat herritar zain-zain zeudela azaldu du mahaiko lehendakariak. "Lehen orduan jende dezente izan dugu, baita meza amaitu denean ere. Bestalde, ez dugu ezustekorik izan, dena normaltasunez doa". Izan ere, ez ohiko eguna da gaur Aian, normalean herrigunera hurbiltzen ez diren auzotarrak eta herrigunean bizi direnak denak bildu baitira kaskoan. Horren adierazgarri izan da herriko aparkalekua ere, kotxez beteta izan baita goizean goizetik, gainezka zegoen. Plazako tabernari batek azaldu duenez, hauteskunde eguna "berezia" izaten da Aian. "Auzo ugari ditu Aian eta askok normalean ez dute herrigunera etortzeko ohiturarik izaten. Hauteskunde egunean, berriz, aiar guztiak kaskoan biltzen gara eta giro ederra izaten da goiz eguerdi partean. Askok eta askok boza eman eta hamaiketakoa egin edo zerbait hartzen dute lagun giroan". Beraz, hauteskunde eguna aspaldiko lagunak ikusteko eguna ere izaten dute Aian.
2011ko hauteskundeak
Duela lau urteko hauteskudeetan %69,73ko parte-hartzea izan zen Aian eta EAJk eskuratu zuen boto gehien, 564 botorekin 6 zinegotzi lortu zituen. Gertutik jarraitu zion EH Bilduk 463 botorekin; 5 zinegotzi lortu zituen koalizioak.