Herri kirolen zaletasuna goraka doa, eta horren adibide da azken urteetan eskualdean sortu diren bi harri-jasotze eskolak. Bata, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak gidatzen du Zarautzen, ZKEko herri kirol atalaren barruan, eta bestea, Joseba Ostolazak zuzentzen du Aiako Santio auzoan. Biek ala biek egiten duten lana erakuste aldera, erronka berezia antolatu dute elkarren aurka. Larunbat honetan jokatuko dute desafioa, Aiako probalekuan, 18:30ean hasita.
Eskola bakoitzetik zortzi harri-jasotzailek hartuko dute parte. Eskola bakoitzeko kide bakoitzak harri jakin batekin egin beharko du lana, eta, bide batez, beste eskolako kidearen aurka indarrak neurtu. Harri-jasotzaile bakoitzak bi txanda egin beharko ditu harri berarekin. Lan guztiak kontuan hartuta kilo gehien jasotzen dituen taldea izango da garaile.