«Aiarrekin lanean hasi eta parte hartze kultura sortu nahi dugu herrian»

A. Larrañaga Solaberrieta 2015eko maiatzaren 20a

Zer dela-eta animatu zara EH Bilduren alkategai aurkeztera?Uste dut Aian aldaketa baten beharra dagoela. Orain arte Aia alderdi bakar batek gobernatu du herritarrei bizkarra emanez, eta erabakiak pertsona batek edo gehienez bik hartu dituzte. Gauza ask...

Zer dela-eta animatu zara EH Bilduren alkategai aurkeztera?

Uste dut Aian aldaketa baten beharra dagoela. Orain arte Aia alderdi bakar batek gobernatu du herritarrei bizkarra emanez, eta erabakiak pertsona batek edo gehienez bik hartu dituzte. Gauza asko dago egiteke arlo horretan, eta horrek animatu nau alkategai aurkeztera. Bestetik, Aiako EH Bilduk alkategai izatea proposatu zidanean, nik argi nuen EH Bildu talde bat dela eta hemendik aurrera ere talde bezala funtzionatuko dugula. Zerrendaburu ni izatea edo beste herritar bat izatea berdin dela iruditzen zait, taldea baikara. Ni 2011ko hauteskundeen ondoren sartu nintzen taldean, eta zinegotzia izan ez banaiz ere, taldean parte hartu dut. Eta argi nuen, zerrendan ez banengoen ere, ni laguntzeko eta ekarpenak egiteko egongo nintzela EH Bildun.

Zein da Aiako EH Bilduren helburua hauteskundeei begira?

Hauteskundeetan gure helburua alkatetza lortzea izango da. Jakin badakigu ez dela erraza izango, beti EAJk irabazi izan dituelako hauteskundeak Aian. Baina, benetan sinesten dugu herriak 180 graduko aldaketa behar duela. Aian EAJk gobernatzen duen modua nahiko autoritarioa iruditzen zaigu, herritarrak kontuan hartu gabe. Guk aiarrekin lanean hasi nahi dugu, parte hartze kultura sortu nahi dugu herrian, eta aiarrei erakutsi beren iritzia eta ekarpenak garrantzizkoak direla; iritzi desberdinak izan arren errespetuz eztabaidatzeko aukera zabaldu nahi dugu.

Zein dira zuen lehentasunak datozen lau urteetarako?

Herritarren artean parte hartzea sustatzeaz gain, guk gobernatzeko prozeduretan oinarri etiko batzuk zehaztu nahi ditugu. Udaletxeko ateak ireki nahi ditugu, eta herritarrek udala gertu sentitzea nahi dugu. Ildo horretan, auzoak herriko parte sentitzea ere nahi dugu.

Proiektu jakinik ba al duzue?

Guk badakigu zenbait unetan azpiegitura handiak garrantzitsuak direla, baina aldaketa txikiekin herritarren ongizatea hobetu daiteke. Batetik, gure asmoa da udalarenak diren lur batzuk behar gehien duten herri- tarrei uztea han beren baratzea jar dezaten. Bestetik, irisgarritasun arloan egokitzapenak egin nahi ditugu. Horretaz gain, auzotarrek egin dizkiguten hainbat proposamen ere egingarriak iruditzen zaizkigu.

Nolako Aia gustatuko litzaizuke etorkizunean?

Aia anitza gustatuko litzaidake. Desberdinen arteko errespetuan oinarritzen den herria, non herritar guztiak aiar izateagatik harro sentituko diren. Duela bi urte Kooperatibaren gaia oso polemikoa izan zen, eta herria bi zatitan banatu zela zirudien; iritzi desberdina izateak aiarren harreman pertsonaletan eragin zuen. Nik nahiko nuke etorkizunean herritarrek beren iritzia azaldu ahal izatea, errespetu eta aniztasunean oinarritutako testuinguru batean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide