«Herriaren eta aiarren onura bermatzea izango da nire helburua»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko maiatzaren 20a

Zer dela-eta animatu zara alkategai aurkeztera?Aurreko agintaldian bi urtez zinegotzia izan naiz, eta Aiako EAJk proposatu zidan agintaldi berrian alkategai izatea. Ni bi semeren ama naiz, ezkondua eta egunerokotasunean laguntza behar duen ama dut etxe...

Zer dela-eta animatu zara alkategai aurkeztera?

Aurreko agintaldian bi urtez zinegotzia izan naiz, eta Aiako EAJk proposatu zidan agintaldi berrian alkategai izatea. Ni bi semeren ama naiz, ezkondua eta egunerokotasunean laguntza behar duen ama dut etxean. Emakume asko bezala, oso lanpetuta nago. Dena dela, herriaren eta aiarren onura da nire helburua, eta uste dut udaletik hori bermatzeko lan handia egin dezakegula. Proposamena egin zidatenean ondo pentsatu nuen, baina barruko indarrak aurrera jarraitzeko esan zidan. Erronka handia da, baina ilusioz nago.

Zein izango da zuen lehentasuna datozen lau urteetarako?

Aia herri txikia bada ere, proiektu garrantzitsuak ditugu esku artean: eskola berria eta Kooperatibaren saltokia alde batetik, eta Elkanoko frontoia eta auzotarrentzat elkartea bestetik. Guk horiek bukatu nahi ditugu. Dena dela, horrek ez du esan nahi azpiegituretan soilik pentsatzen dugunik; herritarren onurarako egitasmoak martxan jarri nahi ditugu; horretarako, beren beharrak ezagutu ditugu eta horiei irtenbidea ematea izango da gure lehentasuna. Herritarrek udaletxeko ateak zabalik izango dituzte beren ekarpenak egiteko.

Bestetik, adinekoen ongizatea ere asko arduratzen nauen gaia da. Nik ederki dakit adinekoek zein behar dituzten, gertutik ezagutzen baitut bizi duten egoera. Horregatik, niretzat oso garrantzitsua da adinekoek bizimodu hobea izan dezaten baliabideak jartzea. Ildo horretan, belaunaldien arteko ekimen bat proposatu dugu programan. Aiako adinekoak eta gazteak bildu nahi ditugu, eta batzuk besteengandik ikastea nahi dugu.

Zuen proiektuak Aia bere osotasunean hartzen al du?

Aia osoa hartzen duen programa aurkeztu dugu, auzoak ahaztu gabe. Auzoekin elkarlan handia egiten dugu agintaldian zehar, auzotarrekin biltzen gara eta beren beharrak ezagutzen ditugu. Bilera horietatik proiektu berriak sortzen dira, eta behar den guztietan elkartzen gara beraiekin, auzoko kontuei jarraipena emateko. Ez da ahaztu behar herriguneak eta auzoek osatzen dutela Aia, eta auzotarrek lan handia egiten dute beren ingurua txukun-txukun izateko. Argi dugu auzoek bizirik izan behar dutela.

Zergatik bozkatu behar zaituzte herritarrek?

Ni kaleko pertsona arrunt bat naiz, denok elkar ezagutzen dugu herrian eta nire helburu bakarra herriaren eta aiarren onura bermatzea da. Herria sentitzen dut eta horregatik aurkeztu naiz alkategai. Dena dela, ez da bakarkako lana izango, lantalde sendoa osatu dugu, eta denok parte hartuko dugu kudeaketan. Lan ildoari dagokionez, orain arte Aiako udal gobernuak egin duen lanari jarraipena eman nahi diot, sinesten baitut aurreko agintaldian oso lan ona eta eraginkorra egin dela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide