NEKANE ARRIZABALAGA: «Herriaren eta aiarren onura bermatzea izango da nire helburua»

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko maiatzaren 20a

Nekane Arrizabalaga da Aiako EAJko alkategaia. (Egilea: Aiora Larrañaga) NEKANE ARRIZABALAGA AIAKO EAJ-KO ALKATEGAIA Zer dela-eta animatu zara alkategai aurkeztera? Aurreko agintaldian bi urtez zinegotzia izan naiz eta Aiako EAJk proposatu zidan agintaldi berrian alkategai izatea. Ni bi semeren ama naiz, ezkondua eta egunerokotasunean laguntza behar duen ama dut etxean. Emakume asko bezala oso lanpetuta nago. Dena dela, herriaren eta aiarren onura da nire helburua eta uste dut udaletik hori bermatzeko lan handia egin dezakegula. Proposamena egin zidatenean ondo pentsatu nuen, baina barruko indarrak aurrera jarraitzeko esan zidan. Erronka handia da niretzat, baina ilusioz beteta nago. Hauteskundeei begira zein izango da Aiako EAJren helburua? Aiarrek gugan konfiantza izatea nahi dugu, orain arte EAJk Aian egin duen lanari jarraipena eman nahi baitiogu. Talde ona eta sendoa osatu dugu, alde batetik jende gaztea eta konprometitua bildu dugu eta hori oso garrantzitsua da herriarentzat. Gainera, hamarkadetako esperientziak eta ibilbideak kudeaketa onaren bermea ematen digu. Zein izango da zuen lehentasun datozen lau urtetarako? Aia herri txikia bada ere, proiektu garrantzitsuak ditugu esku artean: Eskola berria eta Kooperatibaren saltokia alde batetik eta Elkanoko frontoia eta auzotarrentzat elkartea bestetik. Guk horiek bukatu nahi ditugu. Dena dela, horrek ez du esan nahi azpiegituretan soilik pentsatzen dugunik; herritarren onurarako ekimenak martxan jarri nahi ditugu; horretarako beren beharrak ezagutu ditugu eta horiei irtenbidea ematea izango da gure lehentasuna. Herritarrek udaletxeko ateak zabalik izango dituzte beren ekarpenak egiteko. Bestetik, adinekoen ongizatea ere asko arduratzen nauen gaia da. Nik ederki dakit adinekoek zein behar dituzten, gertutik ezagutzen baitut bizi duten egoera. Horregatik, niretzat oso garrantzitsua da adinekoek bizimodu hobea izan dezaten baliabideak jartzea. Ildo horretan, belaunaldien arteko ekimen bat proposatu dugu programan. Aiako adinekoak eta gazteak bildu nahi ditugu eta batzuk besteengandik ikastea nahi dugu. Aia oso herri parte-hartzailea da eta mota horretako ekimenek harrera oso ona izaten dute beti. Herrian ekimenen bat antolatzen denean boluntario ugarik parte hartzen du eta hori txalotzekoa da. Gazteak aipatu dituzu. Berentzat proposamenik jaso al duzue programan? Aia herri txikia da eta herriko gazteek Aian bizitzeko apustua egin dute; joera horri eutsi nahi diogu eta horretarako ahal dugun baliabideak jarriko ditugu. Aia bizi-bizirik dagoen herria da. Ni Aian jaio, hezi eta bizi naiz eta nire semeak nik ikasi nuen eskolan ikasten dute. Nik uste dut herria hobetzeko grina dugula aiarrok eta eskolako eraikin berria horren adibide da. Bide hori jorratu behar dugu datozen urteetan ere. Aia osoa eta hainbat arlo biltzen dituen proiektua aurkeztu duzu beraz? Aia osoa hartzen duen programa aurkeztu dugu, auzoak ahaztu gabe. Auzoekin elkarlan handia egiten dugu agintaldian zehar, auzotarrekin biltzen gara eta beren beharrak ezagutzen ditugu. Bilera horietatik proiektu berriak sortzen dira eta behar den guztietan elkartzen gara beraiekin auzoko kontuei jarraipena emateko. Ez da ahaztu behar Aia herriguneak eta auzoek osatzen dutela eta auzotarrek lan handia egiten dute beren ingurua txukun-txukun izateko. Argi dugu auzoek bizirik izan behar dutela. Zergatik bozkatu behar zaituzte herritarrek? Ni kaleko pertsona arrunt bat naiz, denok elkar ezagutzen dugu herrian eta nire helburu bakarra aiarren onura da. Herria sentitzen dut eta horregatik aurkeztu naiz alkategai izateko. Dena dela, ez da bakarkako lana izango, lan talde sendoa osatu dugu eta denok parte hartuko dugu kudeaketan. Lan ildoari dagokionean, orain arte Aiako Udal Gobernuak egin duen lanari jarraipena eman nahi diot, sinesten baitut aurreko agintaldian oso lan ona eta eraginkorra egin dela. Nolako Aia gustatuko litzaizuke etorkizunean? Aia herri atsegina da eta uste dut herria ezagutarazteko ahalegin berezia egin behar dugula. Turismo Plan Estrategikoa dugu lehen aldiz eta hori garatu behar dugu; bisitan etortzen direnak edo herriko nekazaletxeetan gaua pasatzen dutenak herrian geratu daitezen turismo eskaintza prestatu behar dugu. Ildo horretan, herriko nekazaletxe, jatetxe, taberna, ekoizle eta turismo eragileekin elkarlana egin nahi dugu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide