Eñaut Gurutzeaga Aiako EH Bilduko alkategaia. (Egilea: Aiora Larrañaga)
EÑAUT GURUTZEAGA AIAKO EH BILDUKO ALKATEGAIA
Zer dela eta animatu zara EH Bilduko alkategai aurkeztera?
Uste dut Aian aldaketa beten beharra dagoela. Orain arte Aia alderdi bakar batek gobernatu du herritarrei bizkarra emanez eta erabakiak pertsona batek edo gehienez bik hartu dituzte. Gauza asko dago egiteke arlo horretan eta horrek animatu nau alkategai aurkeztera. Bestetik, Aiako EH Bilduk alkategai izatea proposatu zidanean, nik argi nuen EH Bildu talde bat dela eta hemendik aurrera ere talde bezala funtzionatuko dugula. Zerrendaburu ni izatea edo beste herritar bat izatea berdin dela iruditzen zait, taldea baikara. Ni 2011ko hauteskundeen ondoren sartu nintzen taldean eta zinegotzia izan ez banaiz ere, taldean parte hartu dut. Argi nuen, zerrendan ez banengoen ere ni laguntzeko eta ekarpenak egiteko prest egongo nintzela EH Bildun.
EH Bilduko taldean parte-hartuta badakizu beraz zein diren pil-pilean dauden gaiak?
Azken urtetan gertutik bizi izan den udaleko martxa. Badakit zein gai jorratu diren eta udalak zein funtzionamendu duen, baita oraingo udal gobernuak nola agintzen duen.
Aldaketa baten beharra aipatu duzu eta hori lortzeko bidea maiatzaren 24ko hauteskundeak dira. Zein da Aiako EH Bilduren helburua hauteskundeei begira?
Hauteskundeetan gure helburua alkatetza lortzea izango da. Jakin badakigu ez dela erraza izango, beti EAJk irabazi izan dituelako hauteskundeak Aian. Baina, benetan sinesten dugu herriak 180º aldaketa behar duela. Aian EAJk gobernatzen duen modua nahiko autoritarioa iruditzen zaigu, herritarrak kontutan hartu gabe. Guk aiarrekin lanean hasi nahi dugu, parte-hartze kultura sortu nahi dugu herrian eta aiarrei erakutsi beren iritzia eta ekarpenak garrantzizkoa direla; iritzi desberdinak izan arren errespetuz eztabaidatzeko aukera zabaldu nahi dugu herrian.
Zuen programa osatzeko herritarrekin bildu al zarete?
Duela hilabete batzuk hasi ginen herritarrekin eta auzotarrekin biltzen herri programa osatzeko. Oso harrera ona izan du ekimenak, guk espero genuena baino askoz hobea. Aia herri txikia da eta herritarrei kosta egiten zaie jendaurrean beren iritzia ematea; azkar jartzen dira etiketak. Hasiera batean gu beldur horrekin joan ginen batzarretara, baina ezustekoa hartu dugu egin diguten harrerarekin. Proposamen asko jaso ditugu, oso interesgarriak denak eta horiek asko aberastu dute gure herri programa. Eskerrak eman nahi dizkiet batzar irekietan parte hartu duten aiar guztiei.
Zein izango dira zuen lehentasunak datozen lau urtetarako?
Herritarren artean parte-hartzea sustatzeaz gain, guk gobernatzeko prozeduretan oinarri etiko batzuk zehaztu nahi ditugu. Udaletxeko ateak ireki nahi ditugu eta herritarrek udala gertu sentitzea nahi dugu. Ildo horretan, auzoak herriko parte sentitzea ere nahi dugu.
Proiektu jakinik ba al duzue?
Proiektu eta lan ildo asko zehaztu ditugu herri programan eta herritarren ekarpen gehiago jasotzeko eskuak zabalik ditugu. Guk badakigu zenbait unetan azpiegitura handiak beharrezkoak direla, baina aldaketa txikiekin herritarren ongizatea hobetu daitekeela ere uste dugu. Alde batetik, gure asmoa da udalarenak diren lur batzuk behar handiena duten herritarrei uztea bertan beren baratza jarri dezaten. Bestetik, irisgarritasunari dagokionean egokitzapenak ere egin nahi ditugu herrian. Horretaz gain, auzotarrek egin dizkiguten hainbat proposamen ere egingarriak iruditzen zaigu: Urdanetako parkina, San Pedron babestutako etxebizitzetatik plazara oinezkoentzat ibilbidea. Horretaz gain, Urdanetako eta Elkanoko auzotarrek azaldu ziguten beraiek bizitza Zarautzen egiten dutela, baina uda sasoian TAO ordaindu behar dutela bertan aparkatzeagatik. Arazo horri irtenbidea emateko hitzarmena sinatu nahi dugu Zarauzko Udalarekin.
Hondakinen gaiak eztabaida sortu du azken lau urtetan Aiako udalbatzarrean. Zein da zuen proposamena gai horren inguruan?
Guk Aian parte-hartzen prozesua egin nahi dugu herritarrek zer behar dituzten ikusi eta beste hainbat herritan gaia horri irtenbidea emateko abiatu dituzten sistemak ezagutzeko. Adostasun batera ez bagara iristen herri galdeketa bat egingo genuke. Dena dela, argi utzi nahi dut gu ez gaudela artez ateko bilketarekin itsututa. Urola Kostako beste herrietan ez dute atez ateko sistema jarri eta birziklatze tasan gora egiten ari dira; Zarautzen eta Zumaian esaterako 10-12 puntu igo dituzte. Aian, berriz, atzeraka egin dugu azken urtetan.
Nolako Aia gustatuko litzaizuke etorkizunean?
Aia anitza gustatuko litzaidake. Desberdinen arteko errespetuan oinarritzen den herria, non herritar guztiak aiar izateagatik harro sentituko diren. Duela bi urte Kooperatibaren gaia oso polemikoa izan zen eta herria bi zatitan banatu zela zirudien; iritzi desberdina izateak aiarren harreman pertsonaletan eragin zuen. Nik nahiko nuke etorkizunean herritarrek beren iritzia azaldu ahal izatea, errespetuan eta aniztasunean oinarritutako testuinguru batean.