Ostegunerako tertulia dialogikoa antolatu dute Aiako Lardizabal Eskolan

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko maiatzaren 5a

Aiako Lardizabal Eskolako Bizikidetza Behatokian antolatu du tertulia dialogikoa. (Egilea: Aiora Larrañaga) Aiako Lardizabal Eskolako gurasoen artean inkesta bat egin zuen iaz Aiako Lardizabal Eskolako Bizikidetza Behatokiak eta konturatu ziren gatazken kudeaketaren inguruan eta eskolako guraso batzuen arteko harremanetan, iritzi desberdinak agertzen zirela. Hori aldatzeko zer egin zitekeen gogoeta egin zuen bizikidetza behatokiak eta 2014-2015 ikasturterako tertulia dialogiko batzuk antolatzea erabaki zuten. Ostegunean 16:30ean egingo dute ikasturteko bigarren tertulia dialogikoa eta gaiari sarrera emango dio Ainara Arratibel Gasconen Babesten Ez duen Babesa testuak. Aiako Lardizabal Eskolako gurasoak bertan parte hartzera animatu nahi dituzte antolatzaileek. Tertulia dialogikoetan parte-hartzaileek proposatutako gaiaren inguruan beren ikuspuntua emateko askatasun osoa izango dute. Gaiari, testu, esaldi, irudi, bideo edo beste edozein euskarriren bitartez emango diete hasiera. "Aipatutako euskarri horrek, tertulian parte hartuko duen bakoitzari sentipen, iritzi, emozio edo beste edozer sortuko dio eta denak izango dira onargarriak. Ez da ezer ondo edo gaizki egongo, ez da ezer hobea edo txarragoa izango. Bakoitzak bere ikuspuntua izango du eta hau adierazteko eskubidea izango du" azaldu dute Aiako Lardizabal Eskolako Bizikidetza Behatokiko kideek. Dena dela, argi utzi dute beste parte-hartzaile guztiak "errespetatu beharko" direla. Orain arte mota horretako tertulia gai literarioen inguruan egin izan dira, baina bizikidetza behatokiak uste du hezkuntza eta pedagogiaren inguruko gaiak jorratu ahal izateko guztiz baliagarria izan daitekeela formatu hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide