Eguraldia lagun, jende ugari gerturatu da Aiako Landare Berezien Azokara

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2015eko apirilaren 25a

Goizean goizetik hasita, etengabekoa da Iturrarango Lorategi Botanikorako jendearen joan-etorria. Helburu bakar batekin gerturatu dira bisitariak: Landare Berezien 13. Azokaz gozatzera. Bost kontinenteetako askotariko landareak aurkitu dituzte lorategian zein parketxean atondu dituzten 47 mintegietan: etxe barrukoak, kanpokoak, sendagarriak, jangarriak, apaingarriak, karniboroak, zuhaixkak... Horrez gain, nahi adina jateko eta edateko postu ugari ere aurkitu dituzte bertaratu direnek. Halaber, bestelako ekintzak ere izan dira, besteak beste, Maria Esnal Ikenoboko irakaslearen eskutik Ikebana erakustaldia  eta 2princesesbarbudes taldearen kontzertua. Bihar arte iraungo du azokak. Landare bereziak erosteaz gain, Jakoba Errekondoren Bizi baratzea, Garaian garaikoa garaiz liburuaren aurkezpena (10:30), landare jangarri eta usaindunei buruzko hitzaldia (11:30) eta Iturrarango Lorategi Botanikoko landare babestuen gunera bisita gidatuak egongo dira (11:30ean gazteleraz eta 12:00etan euskaraz). Aldi berean, Aian 11:00etatin 12:30era azoka izango da eta baita Ikebana tailerra eta haurrentzat puzgarriak ere. Sarrera 4 euro kosta da, eta Aiatik, Ubegun industriagunetik eta Zarauzko Karmelitarren eliza paretik autobusak doako autobus zerbitzua izango da. Informazio zabalagoa eskuratzeko, klikatu lotura honetan.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide