Iturraran parketxean egingo dute sendabelarren inguruko ikastaroa. (Egilea: Amaia Ventas)
«Gure arbasoek eguneroko ondoez arinak sendatzeko sendagaiak sendabelarrekin egiten zituzten. Ezagutza hori familia askotan galdu egin da, eta horregatik hasi nintzen ni neu gaian sakontzen; gure etxean ahozko tradizioaren bidez bizirik mantendu baitira ohitura horiek», azaldu du Clara Gutierrez Biologian lizentziatuak eta etnobotanikan adituak.
Naturak eskaintzen duen ondare aberatsa herritarrei ezagutzeko asmoz antolatu du Aiako Iturraran Parketxeak Etxeko botikinerako sendabelarrak, ondoez arinetarako erremedioak prestatzen ikasteko tailerra, eta Gutierrez izango da irakaslea. Lau orduko ikastaro trinkoan sendabelarrak identifikatzen eta horiekin sendagaiak egiten ikasiko dute ikastaroan parte hartzen dutenek. «Egun jende askok begian ondoeza edo makarrak dituenean kloridrioa erosten du botikan. Ni harrituta geratzen naiz, begia kamamila infusioarekin garbituta emaitza bera lortzen baita», azaldu du Gutierrezek.
Belaunaldiz belaunaldi bizirik mantendu den jakintza gogorarazi nahi die herritarrei Gutierrezek. Dena dela, zehaztu du, tailerrean erakutsiko dituen sendagaiek «ondoez arinak» tratatzeko balio dutela. «Burutik beherakoak, tripako minak, eztula eta mota horretako ondoezak» sendabelarren bidez nola arindu daitezkeen erakutsiko du. Izan ere, biologoak argi du norbaitek gaixotasunen bat badu sendagilearengana joan behar duela, «nork bere kabuz sendagaiak hartzea kaltegarria baita, sendabelarrez eginak egon arren».
Ikastaroa, ia beteta
Larunbaterako eta iganderako antolatu dituzte saioak 10:00etatik 14:00etara bitartean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, saio bakoitzean gehienez 30 lagunek parte hartu ahal izango dute. Horregatik, beharrezkoa da aldez aurretik ikastaroan izena ematea. Dagoeneko toki gehienak bete dira eta tailerrek izan duten arrakasta ikusita, Iturraran Parketxetik jakinarazi dute balitekeela aurrerago berriz ere tailer bera antolatzea.
Dena dela, ikastaroaren inguruko informazioa nahi dutenek 943-83 53 89 zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzita eskuratuko dute.