Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ertzaintzak hiru herritar atxilotu zituen igande arratsaldean ustez Aiako enpresa batean 100 kilo metal eta kobrezko kablea lapurtzeagatik. Igandean 18:30ak inguruan Aiako Aranguren Industrialdeko enpresa bateko alarmak jo zuenaren abisua jaso zuen Ertzaintzak. Abisua egiaztatzera joan zen patruila bat eta hiru bidaiari zituen furgoneta batekin gurutzatu zen GI-2631 errepidean. Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, agenteek ibilgailua enpresa horretatik etorri zitekeela pentsatu zuten, eta geldiarazi egin zuten. Hiru bidaiariak identifikatu zituzten, 27, 37 eta 46 urteko hiru gizon. Guztiek polizia-aurrekariak zituztela egiaztatu zuten. Gainera, ibilgailuaren karga-eremuan, kobrezko eta nikelezko piezak eta kobrezko kableak zituzten, ehun kilo gutxi gorabehera. Fabrikako hesi bat eta atea behartuta zeudela ikusi eta materiala enpresa horretakoa zela egiaztatu ondoren, hiru gizonak atxilotu zituzten eta indarrez lapurreta egitea egotzi zieten.