Antolatzaileentzat «arrakastatsuak» izan dira Itzuliko Aiako bi etapak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2015eko apirilaren 13a

Denera 110 boluntario inguruk hartu dute parte bi etapen antolaketan

Euskal Herriko 55. Itzuliko Aiako etapa. (Iturria: Karkara) Txirrindularizalez bete zen ostiralean eta larunbatean Aiako herrigunea. Euskal Herriko 55. Itzuliko azken bi etapak jokatu ziren bertan; ostiraleko etapa Eibarren hasi eta Aian amaitu zen eta larunbatean, berriz, Aia-Aia erlojuaren aurkako proba jokatu zuten txirrindulariek. Sei etapa izan ditu denera Itzuliak, eta ezustekoa emanda Joaquim Rodrigezek irabazi du aurtengo txapel nagusia, bi etapetan garaipena lortuta eta erlojupekoan bigarren sailkatuta. Eguraldiak lagunduta ikuskizun ederra eman zuten txirrindulariek ostiralean eta larunbatean Aian. Oro har, «maila oneko» kirol proba izan dela uste dute antolatzaileek. Alde batetik, txirrindularien maila nabarmendu dute. «Itzulian parte hartu duten txirrindulari askok Frantziako Tourreko edo Italiako Giroko etapetan podiumera igotzeko aukera dute. Egia da aurrekoan bezala Alberto Contador moduko txirrindularirik ez dela etorri, baina taldeek egutegia denboraldiko lehentasunen arabera osatzen dute eta aurtengoan ez da posible izan». Bestetik, parte-hartzaileez gain, zirkuitua bera ere «maila handikoa» dela azpimarratu dute. «Aiako pareta deituriko zatiak, esaterako, 1,7 kilometro eta %28ko maila aldaketa du. Jokatzeko etapa polita da txirrindularientzat, eta ikusgarria ikusleentzat». Hori dela-eta, aurtengoan ere «jendetza etorri da inguruko herrietatik, nahiz nazioartetik, probaz gozatzera». Aiako etapen antolaketako zuzendaria izan da Fernando Ortiz Ginea. Bere iritziz, ikusleei dagokionez proba «arrakastatsua» izan da: «Ez zen jende gehiago sartzen». Zirkuituan zehar ikusleek txirrindulariekin izaten duten gertutasunak ikusleak erakartzen dituela uste du. «Gertutasun hori nabarmendu dute txirrindulariek ere. Nazioarteko probetan parte hartzen duten txirrindulariek aipatu didate Euskal Herriko Itzulian oso gustura jokatzen dutela ikusleek primerako jarrera izaten dutelako eta herritarren babesa sentitzen dutelako uneoro». 110 boluntario Antolaketari dagokionez, balorazio positiboa egin du Aiako etapak antolatzeko ardura izan duen Ortiz Gineak. «Goi mailako txirrindulari itzuliak antolatzen dituzten eragileek nabarmendu dute antolaketa oso ona izan dela gurean. Izan ere, zaila izaten da Aia moduko herri txiki batean maila horretako azpiegitura sartzea». Gainera, aurtengoan antolatzaileentzat erronka izan da Aiako pareta deiturikoa babestea. «Hesolak, sokak eta boluntario talde bikaina izan ditugu horretarako». Denera 110 boluntario inguruk parte hartu dute Aiako etapen antolaketan. «Proiektu osoa kontuan hartuta, bidegurutzeak, arazoak eman zitzazketen eremuak eta espazio libreak zuzentzeko 90 lagun inguru beharko genituela kalkulatu genuen, eta jende gehiago hurbildu da laguntzera. Herritarren erantzuna oso ona izan da. Larunbatean, esaterako, 110 boluntario bildu ziren, eta denak izan ziren ongi-etorriak. Horietako bakoitzari peto bana eman genien, eta lanak banatu genituen», azaldu du Otirz Gineak. Antolaketan musutruk parte-hartu duten herritar guziei eskerrak eman dizkie antolatzaileen zuzendariak, «beren laguntzarik gabe maila horretako kirol proba bat antolatzea ezinezkoa izango litzateke-eta».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide