Apirilaren 10ean eta 11n Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia Aian izango da. Ostiralean Eibar-Aia etapa amaituko da herrian, eta larunbatean Aia-Aia erlojuaren aurkako proba jokatuko da bertan.
Atzerako kontaketa hasi da Aian. Apirilaren 10ean eta 11n Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia jokatuko da herrian, eta antolaketa taldea buru-belarri lanean ari da bi egunetan dena primeran irten dadin. Izan ere, goi mailako kirol probako bi etapa herrian izatea garrantzitsua da. «Mundu mailako txirrindulari talde onenak bilduko dira Aian apirileko bigarren asteburuan. Guretzat erronka handia da hori; horrelakorik ez da inoiz egin herrian, eta ilusioz beteta gaude», azaldu du Joxemari Gonzalez Txabarri antolatzaileak.Apirilaren 10ean Eibar-Aia etapa Aian bukatuko da, eta hurrengo egunean Aia-Aia erlojuaren aurkako proba izango da. Lasterketaren xehetasunak Euskal Herriko Itzuliko antolakuntzak zehazten baditu ere, etapa jokatu den herriaren ardura da logistikaz arduratzea. Hasieratik aiarren asmoa txirrindularitzaren festa herrigunean ospatzea izan da, baina horretarako hainbat oztopo gainditu behar izan dituzte. «Aiako herrigunea espazio aldetik nahiko mugatua da, eta maila horretako kirol probak toki asko eskatzen du», azaldu du Laurentxi Iturainek. Denera 19 txirrindulari talde bilduko dira Aian bi egunetan, eta horietako bakoitzak autobus bat eta hiru auto eramango ditu. «Eremu zabalak dituzten herrientzat aparkalekua ez da arazoa izaten, baina guri nahikoa buruhauste eragin dizkigu», berretsi dute antolatzaileek. Neurketak egiteko autobus bat eraman zuten Aiara, eta horrekin autobusak aparkatzeko eremuak zehazten aritu ziren.
Aparkalekuez gain, beste hainbat gune egokitu beharko dituzte lasterketarako: epaileek, taldeek, dopinaren aurkako probak, publizitateak, pertsona garrantzitsuek, osasun zerbitzuek eta beste hainbatek beren gunea izan behar baitute. «Guk herrigunearen inguruan zelaiak baditugu, baina horietan azpiegiturak sartzeko lasterketa baino astebete lehenagotik ateri egon beharko luke. Ezin genuen azken unera arte eguraldiari begira egon; beraz, dugun espazioa banatu dugu». Planoak hartuta eremuak neurtzen aritu dira antolatzaileak, eta toki txikiena ere aprobetxatuko dute.
Leku arazoa dela-eta, Aiara lasterketaz gozatzera joaten diren bisitariek ezingo dute herrigunera kotxez iritsi. Dena dela, Andatza auzoan aparkalekua egokituko dute, eta bertatik autobus lanzaderak jarriko dituzte herrigunera. Gainera, lineako autobusa ere martxan izango da.
Boluntario bila
Azpiegiturez gain, egunean bertan antolaketa lanetan aritzeko boluntarioak ere behar dituzte Aian. «100 lagun inguru beharko ditugula kalkulatu dugu. Oraindik ez dugu behar adina boluntario, eta aiarrak eta inguruko herritarrak antolakuntzan parte hartzera animatu nahi ditugu. Denak izango dira ongi-etorriak». Interesa dutenek Aiako Kultur Etxean eman behar dute izena.