Martxoaren 29an Aiako I. Zikloturista Martxa egingo dute, Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren harira. 'Kirolkrossa.com' webgunean eman dezakete izena herritarrek
Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren amaiera jokatuko da Aian, apirilaren 10ean eta 11n. Euskal Herriko txirrindularitzaren jaia herrian bukatuko dela aprobetxatuz, txirrindularitzaren inguruko ekitaldiak antolatu dituzte hilaren bukaerarako Aian. Bizikleta Astea egingo dute hilaren 26tik 29ra, eta asteari amaiera emateko Aiako I. Zikloturista Martxa.Aiako Kirol Elkarteak antolatu du zikloturista martxa, eta 2015eko Euskal Herriko Itzuliaren bukaerako etaparen ibilbide bera izango du. 42 kilometro izango ditu, eta hiru tontor igoko dituzte parte-hartzaileek: Andatzatik Aiara, Errotatik Arrutiko igoera eta Aiako horma deiturikoa. Zikloturista martxan sailkapenik ez da izango, baina Aiako horman banan-banan parte-hartzaileen denborak neurtuko dituzte antolatzaileek.
Aiako I. Zikloturista Martxan parte hartu nahi dutenek herrikrossa.com webgunean eman dezakete izena. Internet bidez izena ematen duten federatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatugabeek 20 euro. Egunean bertan ere eman daiteke izena: federatuek 20 eurotan eta federatugabeek 30 eurotan.