Martxoan abiatu nahi dituzte Aian eskola eta saltoki berriko lanak

Urola Kostako Hitza 2015eko otsailaren 19a

1,9 milioi euroko kostua izango du eraikin berriak eta bertan Lardizabal Eskola berria eta Lur Alkartasun Kooperatiba bilduko ditu. Eztabaida sortu da aurkezpeneanAsteartean aurkeztu zuten Aian eskola eta Lur Alkartasuna Kooperatibako saltoki berria bi...

1,9 milioi euroko kostua izango du eraikin berriak eta bertan Lardizabal Eskola berria eta Lur Alkartasun Kooperatiba bilduko ditu. Eztabaida sortu da aurkezpenean

Asteartean aurkeztu zuten Aian eskola eta Lur Alkartasuna Kooperatibako saltoki berria bilduko dituen eraikina. Aiako alkate Igor Iturainek azpimarratu zuen proiektu garrantzitsua dela herriarentzat, eta dena ondo joanez gero, martxoan lanekin hastea aurrikusten du Aiako Udalak. 16 hilabetetan bukatzea da asmoa, ikasleek 2016ko irailean ikasturtea bertan has dezaten.

Denera 1.900.000 euro (gehi BEZ) kostako da eraikin berria. «Esfortzu ekonomiko handia da herriarentzat, baina egin beharrekoa da. Hori finantzatzeko alde batetik diru laguntzak jasoko ditugu, eta bestetik, udalak mailegua eskatu beharko du», zehaztu zuen Iturainek. Eraikin osoa egingo bada ere, erdisotoa eta behe solairua soilik egokituko eta hornituko dira oraingoz. «Lehen solairuan Lehen Hezkuntzako gelak joango dira etorkizunean, baina oraingoz Lardizabal Eskolak horien beharrik ez duenez, solairu hori hutsik geratuko da», zehaztu zuen alkateak.

Duela urte eta erdi hasi zen udala proiektua diseinatzen eta, bide horretan, Lardizabal Eskolako irakasleen ekarpenak eta Guraso Elkartearen iritzia kontuan hartu dituzte udalak eta proiektua idatzi duen Jorge Saiz Ulargi arkitektoak. Hala ere, «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak arautegi zorrotza du hezkuntza zentroen inguruan», eta hori jarraitu behar»izan dutela nabarmendu zuen arkitektoak.

Herritarren zalantzak

Aurkezpenean aiar ugari bildu zen, eta oro har proiektuak harrera ona izan bazuen ere, hainbat herritarrek zalantzak agertu zituzten proiektuaren inguruan eta eztabaida egon zen. Izan ere, gaur egungo aparkalekutik Kooperatiba berriaren aurreko aparkalekura arte errepidetxo bat egingo dute parkearen eta futbol zelaiaren ondotik, eta horrek hainbat gurasorengan kezka sortu du. «Orain haurrek lasai-lasai jolasten dute eremu horretan, inolako arriskurik gabe. Eraikin berria egiten denean, berriz, ibilgailuen zirkulazioa egongo da eta arriskutsua izan daiteke umeentzat. Gainera, proiektua diseinatzerakoan herritarroi ez diguzue galdetu. Gaur izan da aurkezpena, eta erabaki guztiak hartuta daude», adierazi zuen batek. Beste guraso batek kritikatu zuen eraikina egiterakoan hezkuntza korronte berriak kontuan hartu ez izana. «Nafarroan dagoen Oteiza Museoan eskolaren arkitekturak haurraren heziketan duen eraginaren inguruko erakusketa egon da, eta bertan jasotako ereduen aztarnarik ez dut antzeman Lardizabal Eskolaren proiektu berrian», zehaztu zuen. «Gure haurrak espazio libreetan egon beharrean itxita egongo dira, maila bakoitza bere gelan eta terraza ere itxia izango dute».

Kritika horien aurrean, alkateak azaldu zuen eskolako irakasleen iritzi eta gomendioak kontuan hartu dituztela proiektua egiterakoan, eta Lardizabal Eskolak jarraitzen duen hezkuntza eredua, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezartzen duena, kontuan hartu dutela.

Horretaz gain, aiar batek galdetu zuen ea Eusko Jaurlaritzak arazorik jarri al zuen merkataritza zentroa eta eskola eraikin berean egitearen aurrean. Jorge Saiz Ulargi arkitektoak erantzun zuen ildo horretan arazorik ez dela egon. «Eskola eta denda maila desberdinetan daude. Beheko solairutik sartzen da eskolara, eta erdisototik dendara. Gainera, bi sarrerek kontrako orientazioa dute», zehaztu zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide