Lardizabal Eskola berrira sarrera. (Egilea: Jorge Saiz Ulargui)
Atzo aurkeztu zuten Aian eskola eta Lur Alkartasuna Kooperatibako saltoki berria bilduko dituen eraikina. Aiako alkate Igor Iturainen esanetan, "proiektu garrantzitsua da herriarentzat" eta dena ondo joanez gero martxoan lanekin hastea aurrikusten du Aiako Udalak. 16 hilabetetan bukatzea da asmoa, ikasleak 2016ko irailean ikasturtea bertan has dezaten.
Denera 1.900.000 euro (gehi BEZ) kostako da eraikin berria. "Esfortzu ekonomiko handia da herriarentzat, baina egin beharrekoa da. Hori finantzatzeko alde batetik, diru-laguntzak jasoko ditugu eta bestetik udalak mailegua eskatu beharko du" zehaztu zuen Iturainek. Eraikin osoa egingo bada ere, erdisotoa eta behe solairua soilik egokituko eta hornituko dira oraingoz. "Lehen solairuan lehen hezkuntzako gelak joango dira etorkizunean, baina oraingoz Lardizabal Eskolak horien beharrik ez duenez, solairu hori hutsik geratuko da" zehaztu zuen Iturainek.
Duela urte eta erdi hasi zen udala proiektua diseinatzen eta bide horretan, Lardizabal Eskolako irakasleen ekarpenak eta Guraso Elkartearen iritzia kontutan hartu dituzte udalak eta proiektua idatzi duen Jorge Saiz Ulargui arkitektoak. Hala ere, "Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak arautegi zehatza du hezkuntza zentroen inguruan eta hori jarraitu behar" izan dutela nabarmendu zuen arkitektoak
Eraikin berriaren ezaugarriak
Eraikinak bi erabilera izango ditu. Alde batetik, erdisotoan, beheko solairuan eta lehen solairuan eskola joango da eta bestetik, erdisotoaren beste aldean Kooperatiba saltoki berria jarriko dute.
Eraikin berria bi mailatan banatuta dago. Eskola eta Kooperatiba bata bestearengandik independenteak izango dira eta kanpoko aldeak eskilarak izango dira maila batetik bestera jaisteko. Irudian agertzen ez bada ere, futbol zelaia sarearekin babestuta egongo da. (Egila: Jorge Saiz Ulargui)
-Erdisotoaren alde batean Lardizabal Eskolako soinketa gela eta aldagelak egongo dira eta honek sarrera zuzena izango du futbol zelaitik. Beste aldean Kooperatiba berria egongo da, baina bi zerbitzuen artean ez da inolako loturarik izango, guztiz independenteak izango dira eta hori lortzeko bi lokaletako pareten artean 20 zentimetrotaako hutsunean utziko dute. Erdisotoaren mailan, Kooperatibaren kanpoko aldean aparkalekuak ere egokituko dituzte.
Erdisotoan Kooperatiba saltokira sarrera izango da eta aurrean aparkalekuak. Saltokiaren gainean, Haur Hezkuntzako gelen terraza kokatuko da. (Egilea: Jorge Saiz Ulargui)
-Behe solairuan Haur Hezkuntzako gelak, irakasleen gelak eta jan gela kokatuko dituzte. Gelak iparralderanzko orientazioa izango dute eta modu horretan geletatik irteera zuzena izango duen terraza bat egokituko dute haurrentzat.
Eskola berriko Haur Hezkuntzako gelak. (Egilea: Jorge Saiz Ulergui)
-Lehen solairuan lehen hezkuntzako gelak eta erabilera anitzeko beste hainbat gela izango dituzte.
Eraikina kanpotik harri itxurakoa izango da eta eraikina estaltzeko erabiliko duten materialak eraginkortasun termiko handia izango duela zehaztu zuen arkitektoak aurkezpenean. "Modu horretan, neguan energia gutxi erabilita gelak bero mantentzeko aukera izango da eta udan fresko mantenduko dira. Instalatuko duten berogailua biomasa kaldera izango da".
Herritarren zalantzak
Aurkezpenean aiar ugari bildu zen eta oro har proiektuak harrera ona izan bazuen ere, hainbat herritarrek zalantzak agertu zituzten proiektuaren inguruan eta eztabaida egon zen. Izan ere, gaur egungo aparkalekutik Kooperatiba berriaren aurreko aparkalekura arte errepidetxo bat egingo dute parkearen eta futbol zelaiaren ondotik eta horrek hainbat gurasorengan kezka sortu du. "Orain haurrak lasai-lasai jolasten dute eremu horretan, inolako arriskurik gabe. Eraikin berria egiten denean, berriz, trafikoa egongo da eta arrikutsua izan daiteke umeentzat. Gainera, proiektua diseinatzerakoan herritarrei ez diguzue kontsultatu. Gaur izan da aurkezpena eta erabaki guztiak hartuta daude" adierazi zuen batek.
Beste guraso gazte batek, eraikina egiterakoan hezkuntza korronte berriak kontutan hartu ez direla salatu zuen. "Nafarroan dagoen Oteiza Museoan eskolaren arkitekturak haurraren heziketan duen eraginaren inguruan erakusketa izan da eta bertan jasotako eredueen aztarnarik ez dut antz eman Lardizabal Eskolaren proiektu berrian" zehaztu zuen. "Gure haurrak espazio libreetan izan beharrean itxita egongo dira, maila bakoitza bere gelan eta terraza ere itxia izango dute". Zalantzaren aurrean, Igor Iturain Aiako alkateak azaldu zuen eskolako irakasleen iritzi eta gomendioak kontutan hartu dituztela proiektua egiterakoan eta Lardizabal Eskolak jarraitzen duen hezkuntza eredua, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ezartzen duena, kontutan hartu dutela.
Horretaz gain, aiar batek Eusko Jaurlaritzak merkatal zentroa eta eskola eraikin berean egiteko arazorik jarri ote duen galdegin zuen aurkezpenean. Jorge Saiz Ulargui arkitektoak ildo horretan arazorik ez dela egon erantzun zuen. "Eskola eta denda maila desberdinetan daude. Beheko salairutik sartzen da eskolara eta erdisototik dendara. Gainera, bi sarrerak kontrako orientazioa dute" zehaztu zuen.