2003ko ekainean hartu zuen Aiako alkatetza Igor Iturainek (Aia, 1973). Hiru agintaldi egin eta gero, ez da berriro hautagai aurkeztuko, «iraungitze data bat neukala hartu nuen alkate kargua».
Hamabi urte egin dituzu Aian alkate, baina maiatzean kargua utziko duzu. Zergatik?Alkate aukeratu nindutenetik, 2003tik, garbi neukan iraungitze data bat neukala, zortzi edo hamabi urte izango ziren ez nekien, baina hortik ez nuen pasatu nahi. Hasieran zortzi esaten nuen, baina horiek pasatu, eta gauza batzuk egiteko zeudenez, berriro alkategai aurkeztea erabaki nuen, baina azkeneko agintaldia izango zela argi neukan. Pertsonalki ere erabaki ona da: alde batetik, hasierako indar, ilusio eta horiek guztiak itzaltzen joaten direlako. Eta, bestetik, udal eta herri mailan indar eta aurpegi berriak edukitzea inportantea delako. Horrek herriari beste indar bat emango diolako.
EAJtik zara alkatea. Nolatan hasi zinen politikan?
Politiko-politiko ez nintzela sentitzen esan nuen hasieran, baina sentiarazten joan naiz, garbi eduki behar delako politiko bat zarela eta erabaki politiko batzuk hartzen dituzula. Nik ibilbide bat izan dut: gaztetatik herriko festetan eta kultur ekitaldietan parte hartzeko ohitura izan dut. Eusko Alderdi Jeltzalearekiko, berriz, beti izan dut begirune berezia. Familia tradizioan osabak alkate eta alderdikoak izan ditut. Horrez gain, herriari urte askotan ekarpenak egin dizkiona Eusko Alderdi Jeltzaleko jendea izan da. Alkatetzara aurkezteko aukera eman zidatenean baietz esan nuen, gehiegi pentsatu gabe; batetik herriari zerbait eskaintzeko gai ikusten nintzelako, eta, bestetik, alderdiak herrian izandako ibilbideagatik.
Hiru agintaldi egin dituzu, zertan izan dira desberdinak?
Azkenean, agintaldiz agintaldi garapen pertsonal bat egon da. 2003an ilusioa neukan, gauzak eta zer egiteko asmoa geneukan argi eta garbi neukan. Urteak aurrera joan ahala, pertsonalki gastatze bat egon da. Herri txikietan, onerako eta txarrerako, alkatea da figura bakarra. Zine- gotziak ere hor daude, baina liberatutako pertsona bakarra ni naiz, eta herri txikietan alkatearen irudiari balio gehiago ematen zaio. Bigarren agintaldirako gastatze hori antzeman egiten da, eta gauza batzuk zuk nahi ez bezala dihoazela ere ikusten hasten zara, baina gauzak eta proiektuak egin egiten dira. Hirugarrenean, esperientziak aurrera egiten laguntzen du, baina gastatze pertsonal hori gero eta nabarmenagoa da, lehen adinako pazientziarik ez da izaten.
Esperientzia edukitzea inportantea da, baina hasierako ilusio eta 'inozentzia' hori edukitzea oso garrantzitsua da horrelako postu batetarako. Horregatik diot, horrelako postu batean aldaketak inportanteak direla.
Zure aurreko bi agintaldietan, bai Gipuzkoako Foru Aldundian eta bai eskualdeko hainbat udaletan agintean alderdikideak izan dituzu. Azken honetan, berriz, Bildukoak daude agintean. Horrek eragin al dizu?
Ez dut eraginik somatu, baina egia da lehen Oriorekin, Zarautzekin, Getariarekin edo Zumaiarekin harreman gehiago nuela, azkenean alderdikideekin esparru gehiagotan egiten delako topo. Gero, oraindik badaukagu: 'Hori Bildukoa duk eta hori EAJkoa'. Baina, azken batean, herri guztietan herritarrei arduratzen dien gauzak ia berdintsuak dira, eta udal bat kudeatzeko garaian, arduratzen gai- tuzten gauzak gutxiago edo gehiago ia berdinak dira. Ni ondo eraman naiz besteekin, bakoitzak gure esparruan baditugu gure gorabeherak, batik bat mankomunitate mailan, baina herriz herri askotan elkarbanatzen ditugu gauzak. Diputazio mailan ere eduki dudan harremana oso ona izan da: eskaera bat izan dudan garaian joan naiz, eta inolako arazorik gabe. Alde horretatik egia da, zeure alderdiarekin harreman zuzena daukazula eta hori ateak irekitzeko erraztasun bat dela, baina nik ez dut somatu inolako frente bat edo itxiera bat. Kasu honetan garbi eduki behar dugu, nahiz eta alderdi politiko batekoa edo bestekoa izan, herritarrei zerbitzu bat emateko gaudela, eta behintzat entzuteko kapaz izan behar dugula, bai batekoak eta bai bestekoak. Gu diputazioari zerbait eskatzera goazenean, ez da alkatearen edo alderdi politikoaren hoberako, gure kezkak helarazteko bide bat da. Baina, azken agintaldiko egoera honek beste era batetara jokatzen ere erakutsi dit, eta azken lau urte hauek esperientzia bat izan dira niretzat.
Herri txikia izan arren, azken urteotan Aia asko aldatu da.
Eboluzio bat eman da, aurreko alkatearengandik hasitakoa. Herri kaskoan garapen handi bat eman da. Horrek herriari, zerbitzu egokiago batzuk edukitzeko aukera eta belaunaldien erreleboa izateko aukera eman dizkio. Armendi-gainean egindako 48 etxebizitzak herritarrentzako dira, eta kanpotik ere jende gaztea etorri da azken urteetan. Horrek bere garaian jaiotze tasa nahiko altua edo altua izatea ekarri zuen. Orain, martxan jarri dugun eskolarentzako eraikin berri baten proiektu inportante bat ere ekarri du. Azken batean, eskaera bat badago eta irtenbidea eman behar zaio. Askotan kanpotik jende berria etorrita amorruak sortzen dira: herria aldatu egin dela eta herriak bere xarma galdu duela esan ohi da. Baina, egunerokotasunean, hemen bizi garenok zerbitzu eta erosotasun batzuk behar ditugu. Hori emateko gai bagara, eta hori behar dugu gainera. Herri txiki batean gutxieneko zerbitzu batzuk izatea inportantea da, eta horretarako jende multzo bat izateak bere garrantzia du.
Kaskoak izan du hazkuntza bat, belaunaldi berriak ziurtatuz. Hemendik aurrera egin beharreko lan bat, gazte jendea ahal den neurrian herrian mantentzea eta kanpotik datorren jendearentzat erakargarri izaten segitzea da: eskola duin batekin, merkaratitza gune txiki batekin, oinarrizko zerbitzuekin, kultur etxe egoki batekin, mediku zentruarekin... Txikitasun horretan horiek izatea inportantea da. Orain 2.020-30 biztanle inguruan gaude Aian. Azken 15 urteotan eboluzio bat izan da; 400-500 biztanle inguruko igoera eman da, baina oraindik ere txikitasun horretan mantentzen gara.
Inguruko auzoak kontutan izanda, berriz, ez da asko aldatu Aia: Andatzan bere garaian aldaketa txiki bat eman zen, baina gainontzekoetan mantendu egin da.
Txikia baina herri zabala eta aberatsa da Aia. Beste herri txiki batzuk nahiko larri dabiltza, baina Aiak proiektu handiak ditu eskuartean: Elkanoko frontoia edota eskolarentzako eraikin berria.
Herri txikia da, baina oso zabala da, auzogune batzuk hor mantentzen ditu, tradiziokoak dira eta hor jende bat gutxiago edo gehiago baserri ingurukoa da, eta horiek ere zerbitzu batzuk eskatzen dituzte. Gauza politak baditu, baina kudeatzeko garaian baita bere zailtasunak ere. Ordea, hori da Aiako errealitatea, eta hortik abiatu behar da. Barreiadura hori eta nukleo horiek mantentzea aberatsa da, bakoitzak bere berezitasunak ditu eta ez daude bi auzo berdin, oso desberdinak dira, esaterako Andatzak eta Santiok ez daukate zerikusirik, baina hori aberastasuna da. Auzotarrekin harreman bat izaten saiatu behar da. Ni aiarra naiz eta kaskoan bizi naiz, baina Elkanoko bizitzagatik oso okerra izan daitekeen ikuspegi bat izan dezaket, horretarako bertara joan eta bertako herritarrekin egon beharra dago; zer behar dituzten eta egunerokotasunean zer behar sortzen zaizkien ezagutzeko. Elkanoko kasuan, aspalditik frontoi bat eta elkarte txiki bat izatea eskatu dute. Garbi daukagu Aia ez dela kaskoa bakarrik, osotasunean da Aia.
Alkate izateak gauza onak eta txarrak dituela diozu, bizitza pertsonala asko baldintzatu al dizu?
Baldintzatu ez nuke esango. Beti kaleko pertsona sentitu eta kontsideratu izan naiz: kalean ibiltzea eta kaleko jendearekin hitz egitea gustatu izan zait. Baina, hasieran batik bat horregatik beldur ikaragarria neukan: kalean jendeak geratu, eta hau eta bestea esango zidanaren kezka baneukan. Baina, jendeak asko errespetatu nau alde horretatik. Nire herriko festak nire festak dira, eta inork ez dit kenduko gaupasa bat egitea edo gauean ibiltzea. Ia 12 urte pasatu dira, hamabi festaldi izango ditut pasatutakoak, baina jendeak asko errespetatu izan nau alde horretatik, eta hori eskertzekoa da.
Gero, pertsonalki, hemen erabaki batzuk hartzeko gaude eta hori argi daukat. Erabaki horiek batzuetan gustagarriago dira eta beste batzutan ez dira hain gustagarriak. Hamabi urte hauetan, zenbait kasu eman dira ez direnak atseginak izan, eta hor gastatze pertsonal bat egon da, jende batenganako harremana galdu egin da, gutxi edo gehiago. Horrek pena ematen dit, baina erabaki horiek hartzen diren garaian borondate onenarekin egiten da. Horrelakoak izan dira, baina zorionez gauza txiki edo gutxi izan dira. Behintzat jendeak errespetatu ditu, nahiz eta bat ez etorri.
Aiako alkate izateak zer eman dizu?
Alde batetik ezagutza. Gai asko jorratzen dira udaletxean, eta esparru guztiak ukitzen dituzu , neurri handi batean erabakia alkatearena delako; gobernu batzordea eta udalbatza hor daude eta hor hartzen dira erabakiak, baina azken batean irudi nagusia alkatea da. Bestetik, jendearen ezagutza handia ere bai, onerako eta txarrerako. Ate barruetan jendea asko ezagutzen da, eta jende asko ezagutzeko aukera ere izan dut. Aiatik kanpo ere beste jende bat ezagutzeko aukera izan dut: inguruko alkateak, diputazioko jendea, teknikoak. Oso inportantea den satisfakzio pertsonal bat ere bai: buruan izandako eta jendeak eskatutako proiektuak aurrera eramateko gai izan garenean, eta jendeak onartuak izan direnean.
Eta, kendu?
Zati batean bizitza familiarraren denbora dezente kendu dit. Honek ez dauka ordutegi finkorik, ordutegi bat badauka, baina hortik aurrera norberaren esku dago zenbateraino iritsi nahi den. Familiarki ere gastatze bat egoten dela pentsatzen dut, azkenean alkate izateko erabakia norberak hartzen duelako, eta kritikak dituzun garaian zure inguruko jendeari ere eragin ahal izaten dio. Bestela, neu ez naiz pertsona herratsua, eta alde txarrak alde batera uzten saiatzen naiz.
Aiako Udala utziko duzun bezala, datorrena datorrela lasai geldituko al zara?
Bai, bai. Lasai nago. Nik nire lana egin dut, aurrekoek egin zuten berea, eta ondorengoak ere egingo du bere lana. Egoera txarrean ez da geldituko, zalantzarik gabe. Gero, bakoitzak lan egiteko bere era dauka, eta beste modu bat izango da. Zorionez, administrazio guztiak gaur egun nahiko finkatuta daude, oinarrizko zerbitzuak nahiko ezarrita eta bideratuta daude. Etortzen denak ez du udaletxea hankaz gora jarriko, erabaki batzuk hobeak edo okerragoak izango dira, baina hor joango da, beste era batetara. Herritarrok eskatu behar dioguna da: ahal duena egiteko, zintzotasunez jokatzeko eta herritarrei entzuteko. Borondate onarekin lanean jarduten duten denei errespetua zor zaiela uste dut, eta gu saiatuko gara ahal den neurrian laguntzen.
Maiatzetik aurrera zer egiteko asmoa daukazu? Politikan segituko al duzu?
Ez dakit, buruari buelta batzuk ematen dizkiot, baina oraindik ez daukat ezer garbirik. Administraria naiz, eta lanpostua daukat udaletxean, baina seguraski horra denbora batetara itzuliko naiz; seguruenera jarraian ez, udaletxeko eguneroko jarduna momentu batez puskatu beharra daukadalako.
Aurrera begira ez dakit zer egingo dudan, garbi daukadana da ni ez naizela politikan ikusten hemendik 20 urtetara. Baina, administrazioan gestio mailan jarraitzea gustatuko litzaidake orain.