Hamabi urteren ondoren, Igor Iturainek aurten utziko dio Aiako alkate izateari. Bere lanaren errepasoa egin du HITZArentzat.
Nabarmenduko zenituzkeen proiektuak?
- Santiotik Oriorako errepidea. «2003ko ekainean hartu genuen Aiako Udaleko kargua. Baina, oso sarrera txarra izan genuen: eseritzeko ere betarik gabe, telebistan atera ginen. Santio auzokoak, arrazoi guztiekin, kexan ziren. Santiotik Oriorako errepidea oso gaizki zegoen, arriskuko tokia zen. Udaletxean sartu orduko, bai ala bai egin behar genuen proiektu bat genuen: Santiotik Orioko tren geltokira arteko arazoari konponbidea eman behar genion. Diputazioarekin adostasun batetara iritsita, errepidea konpondu eta espaloi bat egin zen. Proiektu inportantea zen, eta diru dezente, baina burubelarri sartu ginen, aurretik aipatutako inozentzi hartan. 2004ko lehenengo udal aurrekontuak milioi bateko zulo posible batekin onartu genituen. Hala ere, 2004a inolako defizitik gabe bukatzeko gai izan ginen».
- Kultur Etxea eta haur eskola. «Kultur Etxe berria egin eta haur eskola sortu behar genituela garbi geneukan. 2005ean martxan jarri ziren biak. Herriak oso ondo onartu zituen, eta martxan segitzen dute».
- Armendi-gaineko etxebizitzak. «Armendi-gaineko garapen horretan guztian babestutako 48 etxebizitza egiteko gai izan ginen. Buruhauste latzak eman zizkigun, eta hor akatsak egin genituela onartu beharra daukagu; herri mailan gastatze bat ekarri zuelako. Baina, hor herritarrek bizitzeko aukera izan dute, herrian belaunaldi berriak mantenduz. Baina, oro har, eta hotzean ikusita, proiektu garrantzitsua izan da Armendi-gainekoa. Horri Santion egindako beste 12 etxebizitza gehituko nizkioke».
- Elkanora ura. «Elkanora ura eramatea oso inportantea izan zen, arazo handiak zituztelako urarekin. Konpondu zen».
- Gauza txiki inportanteak. «Obra handietatik aparte, uste dut oso inportantea dela gauza txikiak egitea. Obra handiak inportanteak dira, eta eztabaidak hor sortzen dira, baina egunerokotasunean sortzen diren gauza txikiei irtenbidea ematea oso garrantzitsua da. Askotan gutxienak kostatzen direnak dira: etxe aurreko argiak ez egitea, espaloian zulo txiki bat, luizi bat... 2011ko azaroan izandako uholdeei erantzun egokia eta azkarra eman zitzaiela uste dut. Gauza txiki horiek askotan ez dira publiko egiten, baina herritarrentzako garrantzitsuak dira. Politika munduan horri begirune gehiago eman beharko genioke, jendeak estimatzen duelako».
- Elkanoko frontoia eta elkartea. «Guretzat inportantea da Elkanon auzoko frontoia eta elkartea gauzatzea. Egin aurretik agintaldia bukatuko dut, baina martxan jarri da historikoki eskatutako azpiegitura bat. Auzoari balio bat emango dio, eta auzotarrek biltzeko toki bat izango dute. Beste auzoetan ere badago horrelako azpiegitura bat. Niretzako hori garrantzitsua da, pertsonalki eskolarentzako eraikin berriaren gainetik jarriko nuke, nahiz eta eskolaren eraikinarena ere abian izan».
Arantzarik?
- Ahalegina eginda. «Aurrez aipatutako proiektuak bukatuta izatea gustatuko litzaidake, baina ez naiz inongo arantzarekin geldituko. Ahal dudan guztia eman eta ahaleginak egin ditut, eta ez badut bukatu ez dut bukatu. Garbi daukat nirekin ez dela mundua bukatzen, eta Aia ez dela bukatzen. Horrek jarraipen bat izango du, eta jarraipen ona izango du».