Belen Zabala: «Leku arazo larria dugu, gelak baditugu, baina txikiegiak dira»

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2015ko urt. 30a, 05:00

Azken hamar urtetan Belen Zabalak (Lizartza, 1963) Lardizabal Eskolaren bilakaera bertatik bertara bizi izan du; «eskola txikia zena, lerro bateko ikastetxea da egun»

Aiako Lardizabal Eskolako zuzendari Belen Zabala. (Egilea: Aiora Larrañaga) Aiako Udalak eskolarentzat eraikin berria egingo du Aian. Urrats garrantzitsua al da? Oso albiste ona da, leku arazo larria baitugu. Gelak izan baditugu, baina gelak txikiegiak dira bakoitzean sartu behar duen ikasle kopurua hartzeko. Hori dela-eta hormak bota behar izan ditugu, eta bi gelekin gela bat osatu; horregatik gelak galtzen ari gara. Aspaldi galdu genuen ingeleseko gela; lehen ingeleseko gela berezia genuen eta haurrak bertara joaten ziren, irakasleak bertan baitzuen behar zuen material guztia. Hori gela arrunta bihurtu genuen eta orain ingeleseko irakaslea da gelaz gela joaten dena; ez da batere erosoa berak ematen baitu ingelesa H.H. 4tik L.H. 6 mailara arte. Beraz, gela komunak ikasgelengatik aldatzen ari zarete? Hori da. Liburutegia ere badugu, baina sotoan dagoen gela txiki-txiki bat da, eta ezinezkoa da ikasleekin bertara joatea. Horren aurrean, irakasle bati bururatu zaio liburuak korridorean jartzea eta tarteka liburuak aldatzen joatea, haurrek liburuak irakurtzeko aukera izan dezaten. Informatika gela ere badugu, baina ez dakigu zenbat iraungo duen; izan ere, datorren ikasturtean Haur Hezkuntzako 5 urteko gelatik 22 haur datoz Lehen Hezkuntzara, eta oraindik eskola berririk izango ez dugunez, gela handi bat gehiago beharko dugu. Bestetik, irakasleok faltan botatzen dugu biltzeko irakasle gela bat izatea, gu ere gero eta gehiago baikara. Txorakeria dirudi, baina bilera bat egin edo mezu bat jakinarazi behar dugunean esaterako, gelaz gela joan behar izaten dugu irakasle bakoitzari abisua pasatuz. Noiz sortu zen leku arazoa? Aia hazten joan den neurrian sortu da arazoa. Ni duela hamar urte iritsi nintzen eskolara, eta ez ginen ehun ikaslera iristen. Egun, ordea, 143 ikasle ditugu. Denbora gutxian asko hazi da ikasle kopurua, eta horrek leku arazoa dakar. Gainera, gelak txikiak direnez ikasturtero pentsatu behar izaten dugu gela bakoitzean zein talde sartuko dugun. Ikasle kopuruaren eta gelen espazioa kontutan hartuta egiten dugu antolaketa. Zein urrats eman dituzue eraikin berria lortu arte? Aspaldi antzeman genuen espazio arazoa gero eta handiagoa zela; hori dela-eta azken urteetan ikastetxearen planean eraikin berria helburu bezala zehaztu izan dugu, baina jakin bagenekien krisia dela eta, zaila izango zela lortzea. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko teknikariak ere bizpahiru aldiz izan dira eskolan, eta gela komunak gela arrunt bihurtzeko gomendatu digute. «Zuek sartzen zarete, baina beste hainbat ikastetxetan arazoa askoz larriagoa da», esan digute etorri direnetan. Hezkuntza Sailaren erantzuna ikusita Aiako Udalak hartu zuen proiektuaren ardura. Aia herri txikia izanda, udalak bazekien eskolan zein arazo genuen, eta oso jarrera ona izan du. Aurreproiektua egiterakoan ere gure iritzia eskatu digute, eta ekarpenak egiteko aukera izan dugu. Zein gela izango ditu eraikin berriak? Alde batetik, jangela kokatuko dugu eraikin berrian. Egun ehun ikasle inguruk bazkaltzen dute jangelan, eta gehienez 80 ikasle sartzen dira. Hori dela-eta txandaka bazkaltzen dute haurrek. Berez, goizeko eskola ordutegia 13:00etan amaitzen da, baina 2-3-4 urteko haurrek ordubete lehenago bazkaltzen dute, 13:00etatik aurrera jangelan haur denak sartzen ez direlako. Jangelaz gain, Haur Hezkuntzako lau gela eta soinketa-psikomotrizitate gela izango dira eraikin berrian. Modu horretan, gaur egungo eraikina, obra txiki bat eginda, eskola gela ederrekin geratuko zaigu. Etorkizunari begira eraikin berriak eskolaren beharrak asetuko dituela uste al duzu? Aia azken urtetan asko hazi da, haur asko jaio da eta 15-25 ikasle inguruko gelak ditugu egun Haur Hezkuntzan. Hala ere, normalean herri txiki batean horrelako gorakada ez da betirako, geratu egiten da joera. Lardizabal Eskola beti eskola txikia izan da eta azken urteetan lerro bateko eskola bihurtzen hasi da; une honetan esaterako bi maila bakarrik ditugu elkartuta. Dena dela, etorkizun hurbilean baliteke berriz ere adinak elkartu behar izatea; hala ere, ez dugu inolako arazorik, ohituta gaude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide