Otsailean bilduko da Aiako Turismo Mahaia 2015eko ekintza plana zehazteko

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2015eko urtarrilaren 22a

Aiako turismoaren egoera ezagutu eta hura sustatzeko asmoz sortu dute Aiako Turismo Plan Estrategikoa. Datorren urteetan herria ezagutzera eman eta eragileen arteko elkarlana ahalbidetuko duen «plan eraginkorra» diseinatu nahi izan dute. Horretarako, lehenik eta behin diagnostiko bat egin dute, eta ondoren kudeaketa dokumentu bat idatzi dute. «Planaren helburu nagusia turismo arloko eragileen arteko elkarlana bultzatzea, bisitariei kalitatezko produktua eskaintzea eta turismo arloan herriaren nortasuna sendotzea dira». Hori lortu ahal izateko ekintza plana zehaztu dute, eta Turismo Mahaiaren ardura izango da hori aurrera eramatea. Aiako Udaleko Turismo zinegotzi Maria Jesus Arruabarrenaren esanetan, «bertan ordezkatuta izango dira turismo arloko eragile guztiak. Mahaian parte hartuko dute ostalarien, landetxeen eta ekoizleen ordezkariek eta Aiako Udaleko eta Pagoeta Parke Naturaleko ordezkari banak». Otsailean bilduko da lehen aldiz Turismo Mahaia, eta bertan zehaztuko dituzte urtean zehar burutuko dituzten ekintza nagusiak. Arruabarrenaren iritziz, Aia azalera handiko herria izateak eta auzotan banatuta egoteak orain arte eragileen arteko «elkarlana zaildu» egin du. «Beti uste izan dugu Aiak baduela potentzial handia, eta beti saiatu gara turismoa sustatzeko ekintzak egiten. Hala ere, hutsuneak bazeuden, eta horiek gainditzen saiatuko gara aurrerantzean». Planarekin herriak eskaintzen dituen baliabideak balioan jarri nahi dituzte. Eskaintza osagarria Turismo arloan egindako diagnosiak azaldu du zerbitzuei dagokionez azpiegitura eskaintza zabala duela Aiak, eta «goi mailako» landetxe, jatetxe eta ekoizleak dituela. «Horiek denak turista iturri dira. Hala ere, urrats bat aurrera eman eta gure helburua bisitari horiek ahalik eta denbora gehien gure artean egotea da, herriko ekonomia indartuz. Ez dugu ahaztu behar Aia nekazal giroko herri bat dela, eta eskaintzaren dibertsifikazioan egon daiteke oreka». Bertako produktuak erabiltzea eta natura zaintzea da Aiako zerbitzuen ezaugarri nagusia. Hori dela-eta, Turismo zinegotziak uste du herriak natura maite duen bisitariak erakartzen dituela. «Bertan ostatu hartzen dutenek hasieratik argi dute Aiak hiri handi batek emango ez diena eskainiko diela: lasaitasuna eta naturarekiko errespetua eta ezagutza, besteak beste». Dena dela, Aiako Turismo Mahaiko kideek jakin badakite, Aian ostatu hartzeak ez duela bertara mugatzen bisitaria eta, Aiaz gain, inguruko hiri eta herriak ezagutzeko asmoz etortzen direla turistak. «Gipuzkoa oso txikia da, eta Aia oso ondo kokatuta dago. Bisitariak goizean Pagoeta Parke Naturalean Agorregi bisitatu dezake, eguerdian inguruko jatetxeren batean bazkaldu, eta arratsaldean, Getariako Cristobal Balentziaga Museoa ikustera joan eta Getaria bisitatu, esaterako. Aipatutakoa egun bateko plana izan daiteke». Bisitarien ohiturak ezagututa, Arruabarrenaretzat ezinbestekoa da eskualdeko herriek eskaintza osagarriak eskaintzea. Hala, uste du tresna garrantzitsua dela Urola Kostako Udal Elkarteko Turismo Mahaia. Aiako Udala eskualdeko Turismo Mahaiko kidea ere bada, eta beti saiatu dira bertatik antolatu izan diren egitasmoetan parte hartzen. «Badakigu taldean bakarka baino indartsuagoak izango garela; herri bakoitzak potentzialtasun desberdinak ditu, eta bata bestearen osagarri izan behar dugu, bisitariei produktu erakargarria eta kalitatezkoa eskaini ahal izateko».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide