Marka berriak ezarri dituzte Eizmendi eta Etxeberria harri-jasotzaileek

Urola Kostako Hitza 2015eko urtarrilaren 18a

Maila bikaina erakutsi dute gaur, igandea, Aiako probalekuan neurtu diren harri-jasotzaileek. Joseba Ostolazaren lau ikaslek hartu dute parte saioan, eta Jokin Eizmendik eta Idoia Etxeberriak marka berriak jarri dituzte. Etxeberria oriotarra lehen emakumea izan da 138 kiloko zilindro zaharra hiru aldiz jasotzen; eta, bestalde, Zarauzko Eizmendik garai bateko Euskadiko Harri Handien Txapelketan erabiltzen ziren harriekin ezarri du errekorra. Haiez gain, Imanol Illarramendi Kortaberri aiarra estreinekoz aritu da marka pertsonala jarri nahian. Kortaberri-k 163 kiloko zilindroarekin egin ditu lanak, eta lau jasoaldi eman dizkio, bost minututan. Jon Ander Maizak ere errekor pertsonala jarri du, 150 kiloko harriarekin. Honakoak dira gaur Aian lanak egin dituzten kirolariak, erronkak eta beraien emaitzak:
  • Jokin Eizmendi: Bi jasoaldi eman dizkio 225 kiloko harri errektangularrari; lau jasoaldi, berriz, 200 kiloko harriari. Horiez gain, hiru aldiz jaso du 175 kiloko kubikoa; eta lau aldiz, 150 kiloko bola. Bina minutu izan ditu lan bakoitza egiteko.
  • Jon Ander Maiza: Bost jasoaldi eman dizkio 150 kiloko harriari, bost minututan.
  • Idoia Etxeberria: Hiru jasoaldi egin ditu 138 kiloko zilindroarekin, bost minututan. Jasoaldi bat deuseztatu diote oriotarrari, zilindroa denbora gutxiz mantendu duelako soinean.
  • Imanol Illarramendi Kortaberri: Lau aldiz jaso du 163 kiloko zilindroa, bost minututan. Jasoaldi bat deuseztatu diote, denboraz kanpo sartzeagatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide