Igandean marka saiakera egingo dute Aian eskualdeko hiru harri-jasotzailek

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2015eko urtarrilaren 13a

[caption id="attachment_122327" align="aligncenter" width="300"]Idoia Etxeberria harria jasotzen Idoia Etxeberria inoiz emakume batek jaso duen zilindo zaharrik pisutsuenarekin arituko da.[/caption] Asteburuan San Anton Herri Kirol Jaialdia egingo dute Aian. Larunbatean 2014ko Euskadiko Zaldi Txapelketako Finala jokatuko dute 22:00etan probatokian, eta igande eguerdian plaza berean Joseba Ostolaza harri-jasotzailearen eskolako lau harri-jasotzaile marka jartzen saiatuko dira. Idoia Etxeberria oriotarrak eta Jokin Eizmendi zarauztarrak marka ofiziala lortzeko ahalegina egingo dute. Etxeberria emakume batek inoiz jaso duen zilindro zaharrik pisutsuenarekin arituko da, 11 arroakoarekin (138 kilo) hain zuzen ere. Eizmendi, berriz, garai bateko Euskadiko Harri Handien Txapelketan erabiltzen ziren harriekin arituko da. Bestalde, Imanol Illarramendi Kortaberri aiarra eta Jon Ander Maiza andoaindarra marka pertsonala jartzen ahaleginduko dira. Laurak harri handiekin arituko dira, eta ikuskizun polita izango dela uste du Joseba Ostolaza harri-jasotzaile beteranoak. Etxeberriari Aian San Anton Egunean zerbait egitea proposatu zioten, eta hortik sortu zen marka saiakera egiteko ideia. «Zazpi harri-jasotzaileko taldetxotik Idoia Etxeberria da egun ezagunena, eta hasiberritan erakustaldiak egitea erraza izaten ez denez, Etxeberriarekin batera inguruko beste harri-jasotzaileek ere jaialdian parte hartzea proposatu genuen», azaldu du Ostolazak. Hasiberrientzat aukera Gero eta gehiago dira harri-jasotzea probatu nahi duten gazteak, baina «tamalez ikasteko toki gutxi» daudela uste du Ostolazak. Gainera, izenik izan ezean erakustaldiak egitea zaila izaten dela irizten dio. «Gazteei aukera ematea garrantzitsua da. Nik 25 urte daramat mundu honetan; gorputza nahikoa nekatuta dut, baina erakustaldiak egiteko hots egiten didate eta ahal dudan heinean gazteei ateak irekitzen saiatzen naiz». IGANDEKO MARKA SAIAKERA: Parte-hartzaileak: - Idoia Etxeberria (Orio). 11 arroako (138kiloko) zilindro zaharrarekin 5 minutuko saiakera egingo du. - Jokin Eizmendi (Zarautz). 225 kiloko errektangularra, 200 kiloko zilindroa, 175 kiloko kubikoa eta 150 kiloko bola erabiliko ditu 2 minutuko txandetan. Garai bateko Euskadiko Harri Handien Txapelketan erabiltzen ziren harriak dira horiek. - Imanol Illarramendi Kortaberri (Aia). 163 kiloko harriarekin 5 minutuko saiakera egingo du. - Jon Ander Maiza (Sorabilla, Andoain). 150 kiloko zilindro zaharrarekin bost minutuko saiakera egingo du.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide