Lardizabal Eskola handitzeko eraikin berri bat egingo dute. (Egilea: Aiora Larrañaga
2015eko udal aurrekontua onartu du Aiako udalbatzak, EAJren aldeko botoekin. «Anbizio handiko» aurrekontua dela nabarmendu zuen asteazkeneko udalbatzarrean Aiako alkate Igor Iturainek, ia 5 milioi euroko aurrekontua aurkeztu baitu udal gobernuak: 4.971.841 eurokoa, hain zuzen ere.
2015eko inbertsio nagusia Lardizabal Eskola handitzeko eraikin berria izango da. «2.700.000 euroko aurrekontua aurrikusi dugu horretarako, eta horrek igoko du 2015eko aurrekontua 5 milioi ingurura». Horretaz gain, Santio Erreka Auzoko Evai industriaguneko hiritartze lanak egitea ere jaso dute 2015eko aurrekontuan.
Iturainek zehaztu zuenez, aurrekontua finantzatzeko partida nagusia Gipuzkoako Foru Aldundiko fondotik jasoko du Aiak, «gainontzeko udalerriek bezala». Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzak Lardizabal eskola finantzatzeko eta industriagunean hiritartze lanak egiteko diru laguntza ematea ere aurrikusi du udalak. Gainera, Lur Alkartasuna Kooperatibak 216.000 euroko ekarpena egingo du Lardizabal Eskolaren azpian izango duten lokala egokitzeko. Iturainen iritziz, herri txiki batek ia 5 milioi euroko aurrekontua izatea «ardura handia» da. «Lan asko egin beharko dugu aurrikusitako diru sarrera horiek lortu eta kudeaketa txukuna egiteko».
Bilduk aurrekontuei ezezkoa
Bildu udal taldeak ezezkoa eman zion EAJk aurkeztutako aurrekontuari. Alde batetik, Bilduko zinegotziek zalantza asko dituzte Lur Alkartasuna Kooperatibak udalarekin egin duen akordioaren inguruan. «Zer gertatuko da Kooperatibak plazan duen etxearekin? Espero den salmenta-erosketa azkar horren atzetik ezkutatuko informazio eta zalantza asko daudela iruditzen zaigu», azaldu zuen udalbatzarrean Aritz Arruti Bilduko zinegotziak. Izan ere, Bilduren iritziz herriko diruaren kudeaketa eta horrekin egiten dena eta egin nahi dena «denboraz azaldu behar zaie herritarrei».
Udal aurrekontuari dagokionez, Bilduk uste du gizarteak bizi duen testuingurua kontuan hartuta aurrekontua ez datorrela bat herritarren beharrekin. «Eskola berria egiteko 1.432. 000 euro inguruko mailegua eskatu behar du udalak xoxik ez balego bezala, eta Elkanoko frontoia egiteko jarri nahi du dirua. Kudeaketa arduratsuago baten beharra ikusten dugu.»
Bestetik, Aian hondakinen gaikako bilketa sustatzeko aurrekontuetan partidarik ez jaso izana ere kritikatu zuen Arrutik. «Udalak ez du iniziatibarik hondakinak murriztu eta bereizteko. Ahalegina egingo balu nahastutako hondakin kilo gutxiago sortuko liratezke, eta udalak gutxiago ordaindu beharko luke. Gainera, Aia ez litzateke izango Urola Kostatik gutxien birziklatzen duen herria».
Horretaz gain, Bilduko kideek eskatu zuten Aiako Udalaren aldizkari berrian aniztasuna bermatzeko.
Aiako alkateak Bilduk egindako zehaztapenei banan-banan erantzun zien. Alde batetik, azaldu zuen urte hasieran azalduko dituztela herritarren aurrean Lardizabal Eskola eta Lur Alkartasuna Kooperatiba bilduko dituen eraikinaren proiektuaren nondik norakoak. «Herritarren diruaz ari garenez, zuhurtasunez jokatu behar da eta gauzak behar den bezala egin behar dira, dagokion momentuan», gaineratu zuen.
Bestetik, Aiako alkateak onartu zuen hondakinak bereizteko garaian udalak ahalegin berezia egin behar duela.
Horretaz gain, udalaren aldizkarian argitaratuko diren albisteak bi udal taldeen artean adosteko prest agertu zen Igor Iturain.
Aiako 2015erako udal aurrekontua:
Inbertsio nagusiak
- Lardizabal Eskolako proiektua: 2.700.000 euro.
- Santio Erreka auzoko Evai industriaguneko hiritartze lanak: 216.000 euro.
- Santio Erreka auzoan haur parkea: 25.000 euro.
- Bide eta azpiegituren egokitzapena: 60.000 euro.
- Turismo garapenerako: 30.000 euro.
- Beste proiektuen ikerketarako: 6.000 euro.
- Liburutegiko fondoak: 5.000 euro.
- Argiterian energia aurrezteko lanak: 2.500euro.